Memoria historikoa

Markinan hildako apaiz baten ilobari deklarazioa hartuko diote etzi, Gernikan, Argentinako kereilaren barruan

1936ko urrian hil zuten frankistek Jose Sagarna. Hilaren 26an Luis Ortiz Alfau gudariak deklaratuko du, Bilboko epaitegian.  Egun berean Udondo karga ontzian erail zituzten 42 marinelak —tartean euskal herritar bat egon zen— gogoratuko ditu Kereilaren Euskal Plataformak.

Ezkerretik eskumara, plataformako Iñaki Astoreka eta Juan Mari Zulaika, eta Jose Sagarnaren iloba Gorka Sagarna. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko irailaren 14a
08:50
Entzun

Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak Maria Servini epaileak eskatuta Euskal Herrian egingo diren bi deklarazio hartzeren berri eman du. Aurrenekoa etzi bertan izango da, Gernika-Lumoko epaitegian (Bizkaia). 1936ko urrian frankistek hil zuten Jose Sagarna apaizaren iloba Gorka Sagarnak erantzungo ditu epailearen galderak. Larruskaingo (Markina-Xemein, Bizkaia) parrokiako abadea zen; harrapatu eta epaiketarik egin gabe hil zuten, 24 urte zituela. Plataformak elkarretaratzea egingo du epaitegiaren atarian, 12:00etan.

Irailaren 26an, berriz, Luis Ortiz Alfau gudariak deklaratuko du, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegian. Hainbat kontzentrazio esparrutan eta behartutako lanetan eduki zuten frankistek. Kasu horretan ere elkarretaratzea egingo dute, epaitegi atarian. Egun berean, baina 11:00etan, beste omenaldi bat egingo dute plataformako kideek. 1936an Udondo karga ontziko 42 marinel hil zituzten frankistek, Galizian. Tartean euskal herritar bat zegoen. Serantesko (Galizia) hobi batean lurperatu zituzten. Bilboko komandantziaren atarian ordubeteko elkarretaratzea eginez gogoratuko dituzte.

Plataformako kide Juan Mari Zulaikak Espainiako Gobernuak Servini epaileari ipintzen dizkion trabak salatu ditu. Hogei inputatuei galdeketa egitera etorri gura izan zuen Servinik udaberrian, baina ez zuen garaiz lortu Espainian sartzeko baimena. Zulaikak duda egin du udazkenean lortuko duen. Aitortu du ez dutela espero epaitegietan askorik lortuko dutenik. "Badakigu ez dugula [Rodolfo] Martin Villa [Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia] espetxean ikusiko, baina behintzat hedabideetan kasu hauek guztiak agertzeak aitortza, egia eta justizia lortzeko balio dute. Gertatutakoaren historia berreskuratzen ari gara".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.