Preso politikoen eguna

Marokoko kontsulatutik zintzilikatu dira bi pertsona Bilbon, Saharar presoak aska ditzatela eskatzeko

Sahararen aldeko elkarretaratzea egin dute 30 bat pertsonak Moyua plazan Askapenak deituta, preso politikoen egunean. Sahararrek jasaten dituzten eskubide urraketak salatu, eta presoak berehala askatzeko eskatu dute. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1757/[/berriatb]

Inigo Astiz
2013ko apirilaren 17a
16:13
Entzun

Eskalatzeko sokak lotu, teilatutik zintzilikatu, eta Saharar presoak askatu zioen pankarta bat zabaldu dute bi ekintzaile internazionalistak gaur, Bilbon. Errekalde kalean izan da ekintza, Marokok bertan duen kontsulatuan, eraikinaren azken solairuan. Hamabost bat minutuz izan dute zabalik pankarta, harik eta kontsulatuko langileek kalera ematen duen leihoa ireki, eta tiraka kendu duten arte. Txistuka hartu du keinua ekintzaileei babesa erakustera joan den jendeak, eta Sahararen askatasunaren aldeko aldarriak egin dituzte espaloitik. Ordu erdi ingurura, ertzainek jaitsarazi egin dituzte bi pertsona horiek, eta libre utzi dituzte gero. Epaiketarako dei egingo dietela abisua eman diete, ordea, desobedientzia egotzita.

Ez da hori izan Bilbon gaur egin den Sahararen aldeko ekitaldi bakarra. Elkarretaratzea ere egin dute 30 bat pertsonak Moyua plazan Askapena taldeak deituta. Munduko preso politikoak kalera. Sahara libre zioen pankarta bat zabaldu, eta arabierazko, euskarazko eta gaztelerazko oihuak egin dituzte bertaratu direnek. “Maroko hiltzaile, Espainia laguntzaile”; “Marokok torturatu, Espainiak disimulatu”; eta “Saharako presoak etxera” izan dira entzun diren leloetariko batzuk.

Julen Zulaika Askapenako kideak azaldu duenez, larria da Saharako egoera. Datuak ere eman ditu.  Azken 37 urteetan, 28.000 lagun inguru atxilotu dituzte, eta egun 70 bat preso politiko daude kartzeletan. Salatu duenez, gainera, torturak eta tratu txarrak ohikoak izaten dira, eta sakabanatu egiten dituzte, gainera presoak. Euskal Herrian bizi den Hassana Aaliaren kasua ere ekarri du gogora, adibidez. “2010ean Gdeim Iziken egindako protestagatik, duintasunaren kanpalekua izeneko hartan parte hartzeagatik, bizi osoko zigorra ezarri zioten Aaliari. Hemen bizi da, egun, baina zigor hori du gainean. Eta oso kondena gogorrak jarri zizkieten beste ekintzaileei ere. Bizi osoko kondena ezarri zieten han izandako beste bederatzi kideri; 30 urtekoa beste lauri; eta 25 eta 20koa beste batzuei”.

Epaiketa militarren aurka

“Ez dugu sekula izan gure herrialdea ikusteko aukera”. Egun Bilbon bizi arren, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan jaioak dira Ghalia eta Fata. Bilbora heldu aurretik, han eman dute bizitza, eta horregatik kexua. Sahararrak izan arren, Sahara ezagutu gabeak direlako. Horregatik amorrua. Eta horregatik dira protestan. Presoak aipatzen ditu Fatimak. El Aiounen jaioa da bera. Saharan. Dioenez, hainbat senide ditu espetxean Gdeim Izikekon protestez geroztik, eta egoera muturrera heldu direla dio. “Epaiketa zibila egin behar liekete, baina epaiketa militarrak egin dizkiete. Eta hori ez da legezkoa. Eta ezta justua ere. Noiz arte iraun behar du egoera honek? Ezin dugu gehiago. Gure lurra eskuratu beharra dugu. Gu jende baketsua gara, baina ezin dugu gehiago”. Espainia eta Maroko jotzen ditu bizi duten egoeraren erruduntzat.

Antzekoa da Mohamed Fadol eta Ahmed Salehen kexa ere. Bilbon bizi diren sahararrak dira haiek ere. “Ezin dugu gehiago. Independentzia behar dugu behingoz. Ezin dugu denbora gehiago eman kanpaleku horietan. Bero horietan. Infernu horretan”. Lehengusua du preso Fadolek, eta latza da haren egoera, dioenez. Bizi osoko zigorra jaso zuen hark ere Gdeim Iziken. “Askatasuna lortzeko ilusioa ez dugu galdu, halere”.

Gogorra da lurralde okupatuetan bizi duten egoera, Zulaikaren hitzetan. Dioenez, sahararren ahotsa isilaraztea da Marokoren asmoa. Horregatik jo omen du hain gogor protesta ekintzen aurka. Eta hori salatzeko egin nahi izan dute elkarretaratzea Bilbon. Hurrengo egunetan mobilizazio gehiago egiteko asmoa dutela iragarri du Askapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.