Maroto: «2014rako prest izango da autobus geltokia»

Euskaltzaindia plazan eraikiko dutela berretsi du Gasteizko alkateak, eta egokitzea 700.000 euro kostatuko dela

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gasteizko autobus geltoki berria 2014rako erabilgarri egongo dela ziurtatu du Javier Maroto Gasteizko alkateak. «Urte horretarako prest izango da autobus geltokia». Gainera, berretsi du Euskaltzaindia plazan eraikiko dutela.

Aurreko udal gobernuaren asmoa geltokia Arriaga parkean eraikitzea zen. Baina gobernu berriak lekuz aldatzea proposatu zuen, eta Euskaltzaindia plazan egitea. BAI Center (Bussiness and Arts International Center) kulturgunea eraikitzen ari ziren han, baina egitasmo hori gelditu eta egindako lanak baliatu nahi ditu Marotok autobus geltokia eraikitzeko.

Udalak atzo jaso zuen geltokiaren eraikina Euskaltzaindia plazara egokitzeak ekarriko lukeen gastuaren inguruko arkitektoen txostena. «Guk egindako beste proposamenaren ostean, kostua 900.000 eurotik 700.000 eurora jaitsi da. Arkitektoek 34 aste izango dituzte egokitzapen hori egiteko. «Eraikin berria handiagoa izango da, eta 360 ibilgailurentzako aparkalekua izango du».

Marotok bere asmoen berri eman zuenetik EAJ eta PSE-EE aurka agertu dira. Proposamena «okerra» dela iritzi diote. Haien esanetan, autobus geltokia Euskaltzaindia plazan eraikiko balitz urrunegi egongo litzateke trenekotik, eta hiria geltoki intermodalik gabe geratuko litzateke.

Bilduren ustez, proposamen egokiena egungo geltokiari eutsi eta intermodala bertan egitea litzateke onena. Dena den, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, «zentzukoa» ikusten du leku aldaketa.

Donostiakoa ere eztabaidan

Argitzeko dago, baita ere, non kokatuko duten Donostiako autobus geltoki berria. Aurreko udal gobernuak adjudikatuak zituen geltokia Atotxan egiteko lanak. Orain egun batzuk udalak berretsi zuen geltokia agintaldi honetan egingo dela eta kontuan hartuko zutela lanak enpresa bati adjudikatuak zeudela. Baina ez zuen argitu Atotxan eraikitzeko egitasmoarekin jarraituko zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, Loiolako Erriberan egin beharko litzateke geltokia. Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretarako diputatuak hala adierazi dio Donostiako alkateari. Dena den, Ugartek argi utzi du hori aldundiaren iritzia dela eta Donostiako Udala «erabat autonomoa» dela kokalekua aukeratzeko. Gainera, berretsi du aldundiak bere garaian aurreikusita zegoen dirua jarriko duela egitasmorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.