Javier Maroto Gasteizko alkateak ez du batere ondo hartu autobus geltoki berriaren kokapenaren inguruan Bilduk, EAJk eta PSE-EEk herritarrei euren iritzia emateko eskatzea onartu izana. Hiru alderdi horien babesarekin, geltokia Arriaga parkean edo Euskaltzaindia plazan nahi duten galdetzeko galdeketa egingo da Arabako hiriburuan.
Alkateak, ordea, esan du Udalak ez duela finantzatuko galdeketa, eta horren alde agertu diren zinegotziek ordaindu dezatela eskatu du. Bere hitzetan "zirkua" da galdeketa egitea, "adar jotzea". Datorren astelehenean ezohiko batzarra egingo dute galdeketaren zehaztasunak argitzeko.
18 urtetik gorako herritarren %20k bozkatzen badu, 37.000 herritarrek, loteslea izango da.
PPk Euskaltzaindia plazan nahi du geltokia; PSE-EEk, aurreko agintaldian, hor BAI Center izeneko kongresuetarako gune bat eraiki nahi zuen. Marotok uztailean egitea nahi du. Geltoki berriaren lanetan atzerapenik bada, Udalak Jaurlaritzaren eta Aldundiaren diruaren zati bat gal dezakeela adierazi du.