Joan den igandean gertatu zen, Gasteizko parke batean. Javier Maroto alkatea eta beste zenbait lagun Ayudas+Justas plataformaren mahaian zeuden, sinadurak biltzen. Emakume batek sinadura emateko galdegin zion salaketa egin duen herritarrari, eta horrek erantzun zion ezetz, kanpainarekin arrazismoa bultzatzen ari zirela-eta. Hori esan eta handik bazihoala norbait deika hasi zitzaiola azaldu du salatzaileak. Bere burua aurkeztu ez bazuen ere, Javier Maroto zela esan du.
Salatzailearen arabera, Marotok galdetu zion ea zer erantzun eman zion emakumeari, eta hari ere erantzun bera eman ziola esan du. Hori entzundakoan Marotok erantzun omen zion isuna jasoko zuela. Ondoren kaleko jantzitako udaltzain bat joan zitzaiola azaldu du herritarrak, eta oharra hartu ziola gertatutakoaz. Handik hiru ordura Poliziak sakelako telefonora deitu ziola azaldu du, eta esan ziola "marra gorria igarotzear" egon zela.
Alkatearentzat, "anekdota"
Ez da lehen aldia Marotoren bizkarzainek herritarrei identifikazioa eskatu diena. Beste bi kasu behintzat gertatu dira, baina Gasteizko alkatearentzat, "anekdota" dira.
Javier Marotok garrantzia kendu dio gertaerari, eta esan du orain salaketa aurkeztu duen herritarrak "irain" egin ziola. Norbaiti arrazista deitzea delitu izan daitekeela erantsi du.
Gogor hitz egin du beste behin ere SOS Arrazakeriaren kontra. Izan ere, bere kontrako azken salaketa hau elkarte horren bitartez jarri da. Joan den astean artxibatu egin zuten Marotoren kontra SOS Arrazakeriak jarritako beste salaketa bat.