Udal eta foru hauteskundeak

Marotori alkatetza kentzeko eskatu dute

Jose Angel Cuerda,  Blanca Urgell, Joseba Azkarraga eta Juanito Oiarzabal daude sinatzaileen artean,  alor askotako hainbat lagunekin batera.

Maroto alkatetzatik kentzeko akordioa egiteko eskatu dutenak, agerraldian. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2015eko ekainaren 3a
12:57
Entzun

Hemezortzi lagunek bat egin dute Javier Maroto popularra Gasteizko alkate izan ez dadin egindako eskariarekin. Gaur goizean agertu dira prentsaren aurrean horietako batzuk. Denen izenean, komunikabideen aurrean agiria irakurri dute  Andres Krakenberger Argituz-eko kideak eta Blanca Urgell Jaurlaritzako kultura sailburu ohi eta filologoak.  Adierazpenean, Gasteizko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politikoen ordezkariei eskatu diete "alderdien interesen gainetik",  hiriburuan bizi diren pertsonen alde, eta Marotoren ekintzen eta mezuen aurrean azaldu duten jarrerarekiko koherentzian, "bidezko erabakiak" har ditzatela PPko hautagaia Gasteizko alkate izan ez dadin. Halaber, eskatu dute Gasteizko udalbatza berriaren etorkizuna gidatuko dutenek gizarte zerbitzuen "erreforma sakon bat" egin dezatela herritarren elkargune "integratzaile eta solidarioa" bideratzeko, akordio eta adostasun politiko zabaletan oinarrituta.

Marotori alkatetza kentzearen alde agertu diren pertsonek uste dute PPkoak Gasteizko alkate izan denean "giroa zapuztu eta gaiztotu" duela hirian eta liskarrak sustatu dituela. Hala, gogoan hartu dute maiatzaren 24ko hauteskundeetan Gasteizko hautesleen %70ek eman diotela botoa Marotok ordezkatzen ez duen aukeretako bati, eta azpimarratu dute gizarteak akordioak eta adostasunak eskatzen dituela.

Honako hauek dira agiriaren alde egin duten lagunak: Miguel Angel Ruiz, Eva Silvan, Juan Ibarrondo, Javier Añua, Jose Angel Cuerda, Juan Mieg, Blanca Urgell, Andres Krakenberger, Felix Placer, Miren Ortubai, Javier Argote, Joseba Azkarraga, Iñaki Larrinbe, Luis Mari Sanchez Iñigo, Javier Hernandez Landazabal, Alberto Cereijo, Iban Zaldua eta Juanito Oiarzabal.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.