Aurten euskal presoen bisitara bidean edo handik bueltan gertatu den 9. istripu larria izan da atzokoa, Etxerat-ek jakinarazi duenez.
Castello I espetxean Marta Igarriz presoa bisitatu ostean, Hernanira (Gipuzkoa) bueltan ziren haren ahizpa, ama eta izeba. Elurra egin berri zuen Leitza inguruan; autoaren kontrola galdu, eta bide bazterrean zegoen beste auto bat jo zuten, "bortizki". 16:30 aldera gertatu zen.
Presoaren ahizpa eta izeba beren kabuz atera ziren autotik, baina ama atera egin behar izan zuten. Gipuzkoa erietxera eraman zuten aurrena, eta Poliklinikara beste biak. Azken horiek behaketa pean daude oraindik.
Etxerat-ek salatu du ehunka herritar "bizitza arriskatzera behartuak" daudela, asteburuero, presoen bisitara joateko. Gainera, gogora ekarri dute bidean gertatutako istripuetan 16 lagun hil direla eta ehunka zauritu direla.