Politika

Martin Aranburu: "Nazio Eztabaidagunearen asmoa ez da Ibarretxeren Planaren, edo beste edozein planen alternatiba izatea"

Martin Aranburu EAko zuzendaritzako kide eta legebiltzarkidea da joan den astetik Nazio Eztabaidagunearen hiru bozeramaileetako bat. Antolakunde horrek aurrera eraman nahi duen prozesuarekin itxaropentsu agertu da gaur ETB2ko 'El Punto' saioan egin dioten elkarrizketan. Lehenik eta behin beren asmoa Euskal Herriaren diagnostiko bat egitea dela adierazi du Aranburuk, irtenbide bila oinarri komun batzuetatik abiatzeko. Halaber, ez dutela "Ibarretxeren Planaren edo beste edozein planen" alternatiba izan nahi azpimarratu du.

2003ko azaroaren 10a
15:04
Entzun
Batasunako udal hautetsi ohien ingurutik sortu zen Nazio Eztabaidagunearen proiektua, baina pixkanaka, beste iritzi politiko batzuetako jende eta eragileetara zabaldu da. Hain justu, joan den astean izendatu zituen foro horrek bozeramaileak: Antton Izagirre Tolosako EHko alkate ohia, Maite Aristegi EHNE sindikatukoa eta Martin Aranburu EAko zuzendaritzako kide eta legebiltzarkidea dira aukeratu dituzten hioru lagunak; nolabait, Nazio Eztabaidaguneak ezaugarri izan nahi duen zabaltasunaren adibide. "Zorionez, ideologia diferenteetako jendea bildu dugu", azpimarratu du Aranburuk 'El Punto'-n egin dioten elkarrizketan.

Nazio Eztabaidagunearen helburua Euskal Herriko gatazkari konponbidea eman diezaiokeen hitzarmen bat lortzea dela esan du Aranburuk, baina, lehendabiziko xedea, abiaburu gisa, arazoaren diagnostiko bat egitea dela. "Euskal gizartearen eta euskal arazoaren diagnostiko bat egin nahi dugu, eta horretarako, eztabaida irekia egingo dugu hilaren 29an Leioan nahi duen guztiek diagnosi horretara bere ekarpena egin dezan, guk proposatutako testuan edo norberak nahi duen testuan oinarrituta", argitu du.

Eztabaida horren ostean, Osoko Bilkura deitzen dutena egin nahi dute, eta batzar horretarako sentsibilitate diferenteetako jendea bildu nahi dute, baina, era berean, euskal gizartean nolabaiteko izen ona edo prestijioa duen jendea, "prozesu honi legitimitatea emango diona, eta euskal gizarteari adieraziko diona prozesu hau garrantzitsua dela". Osoko Bilkuraren lehen batzarra abenduaren erdialdera egin nahi dute.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren estatutu berriaren proposamenaren eztabaida puri-purian dagoen honetan, Aranburuk argi utzi du beren asmoa ez dela ez proposamen horri, ez beste inongo proposameni alternatiba bat ematea. "Eztabaidagunean parte hartzen dugun batzuk uste dugu Jaurlaritzaren planak egindako ekarpena oso ona dela, beharrezkoa, garrantzitsua herri honentzat. Beste batzuk uste dute konponbidea beste era bateko planteamendu batetik etorriko dela. Baina, nolanahi ere, gure asmoa ez da Ibarretxeren Planari edo beste edozein plani alternatibiak sortzea, baizik eta Euskal Herriaren —zazpi lurraldeak kontuan hartuta— diagnostiko bat egitea, eta behin hori iritsitakoan, hutsuneak eta arazoak zein diren ikusten ditugunean, hasiko gara pentsatzen konponbideak zeintzuk diren", adierazi du. Ildo horretatik, konponbideen inguruko eztabaida iristen denean, batzuei Ibarretxeren Plana irudituko zaiela egokiena agertu du, eta beste batzuei beste proposamen batzuk. "Azkenean, koxka izango da gai izatea enpatiaz, besteak ulertuaz eta benetako borondatearekin, arazoa benetan konpontzeko saioa egitea. Gai izatea edozein planteamendutan oinarrituta ere irtenbide bat hitzartzeko saioa egitea".

Aranburuk zehaztu du, azkenaldian mahai gainean jarri diren proposamen guztiak hartuko dituztela aintzat eztabaidarako: "Zorionez, ia alderdi guztiek dute proposamenen bat, eta denak hartuko dira aintzat irtenbide proposatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.