"Gipuzkoa gaur irekiagoa da, parte hartzaileagoa. Lan ona egiten ari garela uste dut, eta gipuzkoarrek horrela antzematen dutela". Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak balorazio "oso baikorra" egin du orain arte gobernuak egindako bideaz. Aldundia 30 urtez "beste alderdi baten esku" egon ondoren, gauzak "beste era batera" egiten ari direla iritzi dio, eta "bide onetik" eraman dutela foru aldundia.
Lortutakoen artean zerrendatu ditu zerga sistema "bidezkoago eta justuago" baten alde emandako pausoak, iruzurraren aurkako borrokan emandakoak, mugikortasunari dagokionez bidesarien gainean egindako lana eta hondakinen inguruko "lan izugarria". Erabakiak hartzeko orduan, "sorpresa ona" jaso du alderdien eskutik, orain arte oposizioko talde guztiekin ados jarri baitira: bi aurrekontu aurrera atera dituzte, lehenengoa EAJrekin hitzartuta eta bigarrena PSE-EErekin, eta bide sarien inguruan alderdi popularrarekin bat egin dute. Adostasunekin batera izan dira desadostasunak ere. EAJri erreferentzia egin dio Garitanok: "Oposizioaren lehenengo alderdiak oraindik ez du ulertu hauteskundeak galdu zituela". Hondakinen inguruan, esaterako, kanpaina "zentzugabea" antolatzen ari dela uste du.
Eztabaidarako arloak
Azken bi urteetan hondakinen auzia bilakatu da, hain justu, eztabaidagai nagusienetako bat, bai alderdien artean, baita herritarren artean ere. "Polemika artifiziala" da Garitanorentzat. Aldundiaren helburua Europak agintzen duena betetzea dela dio, hau da, %80 birziklatzea. "Aitzindari izan gara, eta beste alderdi batzuek hortik bide bat ikusi dute gure gobernuari kalte egiteko".
Gipuzkoako zahar etxeen auziak ere indarra hartu du azken hilabeteetan. Aldundiak argi du bere jarrera: "Hor lan egiten dutenek lan baldintza hobeak merezi dituztela uste dugu. Adegik beste interes batzuk ditu; uste dut herritarrek ez dutela Adegiren jarrera ulertzen".
Gobernuan geratzen zaizkion bi urtetarako erronka nagusi bat du aldundiak: "lurraldearen garapena bultzatzea". Enplegua, industria eta garapen ekonomikoa sustatzeko, eskualdeka ari da lanean bertako eragile guztiekin.