Martin kriminalizatzeko ahalegina salatu dute alderdi eta sindikatuek

Euroaginduaren prozedura osotasunean aztertzeko deia egin diete izenpetzaileek Europako agintariei

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Aurore Martin Batasuneko kidearen kontrako euroagindua gaitzetsi dute hainbat alderdi eta sindikatuk, agiri baten bidez. Cimade, PCF, Parti de Gauche, NPA, PS, CGT, FSU, CFDT (Ipar Euskal Herriko adarra), Attac eta Giza Eskubideen Ligak nabarmendu dute Batasuna legezkoa dela Frantzian eta erabaki politikoa litzatekeela Martin Batasuneko kide izateagatik eta ekitaldi politiko publikoetan parte hartu izanagatik kanporatzea.

Frantziak legez kanpokotzat jotzen ez dituen egintzengatik Europako estatu bateko agintariek herritar bat jazarri ahal izateko prozedura erabiltzea gaitzetsi dute sinatzaileek. Martini bi ekitaldi publikotan parte hartzea eta Batasuneko kide gisa prentsa artikuluak idaztea leporatzen dio Espainiako justiziak. Paueko Dei Auzitegiak euroagindua onartu zuen, aipaturiko arrazoiengatik. Ekimen politiko batean parte hartzeagatik, haren kontra salbuespen legedia erabili izanak kezka sakonak eragiten dituela azpimarratu dute deitzaileek. «Bide horrek ez du terrorismoaren aurka borrokatzeko borondaterik; ekimen politikoa kriminalizatzea eta justizia haien nahietara erabiltzea bilatzen du».

Europako agintariei ere dei egin diete, euroaginduaren prozedura osotasunean eta sakon azter dezaten berriz. Gogorarazi dute Europako agintariek salbuespen neurri gisa onartu zutela euroagindua,«terrorismo» kasuetara mugatuz. Praktikan, ordea, iragarritako bide horretatik atera eta herritarren oinarrizko askatasuna urratzen duela azpimarratu dute. Martinen aurkako euroagindu prozedura bertan behera utz dezala eskatu diote Frantziako Gobernuari.

Elkarretaratzea kontsulatuan

Biharko, Martinen aurkako euroagindua salatzeko asmoz, manifestaziora deitu dute hainbat eragile eta hautetsik Baionan. Euskalduna plazatik abiatuko da, 16:00etan. Ezker abertzaleak iragarri zuen atzo manifestazio hori,Bilbon, Martinen aurkako euroagindua salatzeko Frantziako kontsulatuaren aurrean egindako elkarretaratzean. Martini irekitako auzia «oso larria» dela adierazi zuen Niko Morenok, baina erabakia hartu den unea ez dela «kasualitatea» izan, ezker abertzaleak «prozesu politiko eta demokratiko bat irekitzeko apustua egin duen unean» iritsi delako. Erabaki horrekin Frantziak ezker abertzaleari de facto legez kanpoko egoera ezarri nahi diola salatu zuen Morenok. Bide hori utzi, eta irekitzen ari den «agertoki berriari» ekarpenak egin diezazkion eskatu zion Morenok Frantziako Gobernuari.

Bizi! mugimenduak ere elkartasuna adierazi dio Martini, eta euroagindua bertan behera uzteko eskatu dio Frantziari. Europako eta Frantziako Giza Eskubideen Ligak egindako oharrekin bat egin du Bizi!-k, eta oinarrizko eskubideak zangopilatzen dituela adierazi du.

Segik ere euskal gazteriari eta euskal herritarrei dei egin die biharko manifestazioan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.