MARTIN UGALDE BEKA

Martin Ugalde beka Miner, Sarriugarte eta Altunarentzat

[youtube]https://youtu.be/vJpy5YbgH80[/youtube]    

urtzi urkizu
2017ko azaroaren 8a
07:47
Entzun

Urte bat dute ikerketa egiteko, eta ikus-entzunezko dokumental bat egingo dute. Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duen aztertuko dute.

Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin  izan duten ikertzeko, Martin Ugalde bekaren deialdia egin zuten maiatzean BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin-ek eta Martin Ugalde kultur parkeak. Bost proiektu aurkeztu dituzte —epaimahaiaren arabera, guztiak "maila onekoak"—, eta irabazleak Kattalin Miner Perez, Maddi Altuna Galfarsoro eta Danele Sarriugarte Mochales ikerlariak izan dira. Gaur arratsaldean jaso dute beka, Andoainen (Gipuzkoa), kultur parkean.

Minerrek azaldu duenez, hiru ardatz izango ditu haien ikerketak: «Batetik, genero ikuspegiak egunkariotan izandako ibilbidea aztertuko dugu kazetaritza ikuspegitik eta genero gaien trataeragatik. Azpimarra berezia egingo dugu irakurleengan izan duen eraginean». Minerren iritziz, BERRIAk lan berezia egin du lanketa feminista gizarteratzen. «Halaber, mugimendu feministak eta beste hartzaile batzuek bilakaera hori nola ikusi duten aztertuko dugu». Dokumental bat egingo dute, haimaika elkarrizketez osatua.

Ekitaldian, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak eta Maite Asensio BERRIAko kazetariak parte hartu dute.

Landaidak Begira batzordearen nondik norakoak azaldu ditu. "Begiraren tresna guztiekin audientzia kritikoak sortzen lagundu nahi dugu. Ardura sozial handia dute hedabideei balioen eraikuntzan". Sortutako tresnen artean, garrantzitsuenetakoa Publizitate eta Komunikazio Ez-Sexistarako Kode Deontologikoa eta Autoerregulaziokoa da. "Bestetik, komunikabideen arteko sarea sendotzea garrantzitsua da. Hurrengo erronka sare bat sortzea da. Formakuntzarekin ere hasi gara agentziatan eta hedabideetan".

Asensiok nabarmendu du aipatutako kode deontologikoak giltzarriak ematen dituela emakumeen eta gizonen presentzia eta tratua parekatzeko: "Emakumeak gehiago agertu behar dira hedabideetan, eta beste modu batera, hobeto. Gomendatzen du emakumeen protagonismoa sustatzea, gizonen maila berean erakustea, emakumezko adituei ahotsa ematea, sektore feminizatuei eta maskulinizatuei garrantzia berdina ematyea, estereotipo sexistak saihestea, emakumeen fisikoari eta erakargarritasunari buruzko aipamenik ez egitea, hizkuntzaren erabilera sexista baztertzea, sexualitate ugariak islatzea eta genero ikuspegia beste diskriminazio osagai batzuekin gurutzatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.