Martin Ugalde gogoan

Martin Ugalderi omenaldia egin diote heriotzaren urteurrenean

Aretoa bete jende bildu da gaur Martin Ugalde Kutur parkean hari izena eman zion gizonari omenaldia egiteko. Euskalgintzako, kulturgintzako zein politika munduko ordezkariak izan dira. Kazetari, idazle, politikari eta euskaltzalearen bizitzaren inguruko bideo bat eman dute aurrena. Gero, Anjel Lertxundik hartu du hitza, eta =i Egunkaria =i itxi zutenean “estatuko egunkari eta informatibo gehienetan” Ugalderi emandako tratua salatu du, baina horren gainetik Ugaldek egindako lana eta haren duintasuna goraipatu ditu. Lertxundiren hitzaldiaren ondotik Martin Ugalde Foroa aurkeztu du Martxelo Otamendik, eta azpimarratu duenez foroa “gure herriko plaza” izango da.

2005eko urriaren 4a
20:15
Entzun
Omenaldian izan dira politika mundutik, besteak beste Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkarate (EAJ), Jaurlaritzako Sustapen departamentuaren arduradun Tontxu Kanpos (EA) Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Jose Juan Gonzalez Txabarri (EAJ), Batasuneko Arnaldo Otegi eta Juan Jose Petrikorena eta Aralarreko Inaki Irazabalbeitia. Horiez gain han ziren baita ere Euskararen Behatokiko zuzendari Paul Bilbao, AEK-ko Joxe Leon Otaño, Gara -ko zuzendari Josu Juaristi, EHNEko Paul Nicholson eta ELAko ordezkariak, Lore Erriondo UEUko zuzendaria eta Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria.

Ugalderen bizian hiru lan-sail eta kezka-iturri izan zirela azaldu du Lertxundik: kazetaritza, literatura eta politika. Xabier Lete poeta eta kantariak definitu bezala “zerbitzuko lanean” aritu zela nabarmendu du, “hitza lan tresna hartuta”. Lan hori egiteko eta bestetarako Ugaldek izan zituen erantzukizuna, kontzientzia eta leialtasuna azpimarratu ditu Lertxundik, besteak beste.

Martin Ugalde Foroa

Martin Ugalde Foroa BERRIAk eta Martin Ugalde Kultur Parkeak elkarrekin aurrera ateratako egitasmoa da. Martxelo Otamendik aurkeztu du foroa, Joan Mari Torrealdairen ordez, izan ere, hura gaixotu egin da. Lehen foroa noiz izango den zehaztu gabe badago ere, hasten denean hilean behin bilduko dela gauza jakina da. Foroak formatu bat baino gehiago izan ditzake: hitzaldiak, mahai inguruak, gai baten inguruko eztabaidak…

Emanaldiak euskaraz izango dira, baina, hala ere, atzerriko hizlariren bat ekartzea ez da baztertzen. Kasu horretan itzulpen zerbitzua eskainiko lukete forokoek.

Honakoa esanez amaitu du Foroaren aurkezpena Otamendik: “Gaur urtebete desagertu zitzaigun Martinen gorputza, baina Martin ez dugu hilda utziko. Martinek ez du iraganean bizi nahi, etorkizunean baizik. Berak esana da: ez nuen iraganetik bizi nahi, etorkizuna lantzetik baino”.

Ugalde

Ugalde Andoainen jaio zen, 1921ean. Oso gazte zela, Espainiako Gerra tarteko, erbestera alde egin behar izan zuen, eta batera eta bestera ibili ostean, Venezuelan egin zituen 22 urte. Azkenean, 1969an itzuli zen Euskal Herrira.

Behin etxera itzulita, Deia egunkariaren sorreran parte hartu zuen eta Garaikoetxearen gobernuan Euskarazko Arazoetarako zuzendari izan zen. 1990ean lortu zuen urteetan buruan zebilkien proiektua gauzatzea: Euskaldunon Egunkaria euskara hutsezko ametsa. Proiektu hartako Administrazio Kontseiluko lehendakari izan zen, eta ohorezko lehendakari izan zen.

Dena den, bidegabekeriaren hatzaparretan harrapatuta hil zen: Egunkaria itxi egin zuten, eta bere diru kontuak blokeatu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz.

Ugalderi buruzko informazio zabalagoa hemen .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.