Frankismoa

Martin Villa epaitua eta kondenatua izan dadila eskatu dute Iruñean

Gaur arratsaldean galdekatuko du Servini epaile argentinarrak Martin Villa ministro ohi frankista, gizateriaren aurka gauzaturiko krimenengatik. Telematikoki hartuko dio deklarazioa.

Gaur Iruñean egin duten protesta. IDOIA ZABALETA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 3a
15:46
Entzun

Iruñeko Justizia Jauregiaren parean egin dute protesta, frankismoa epaitua izan dadin eskatzeko. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak egin du deialdia elkarretaratzeko, eta protestarekin bat egin dute beste zenbait eragilek: hala nola, parte hartu dute Martxoak 3 elkarteak, Joseba Barandiaranen familiakoek, Goldatu elkarteak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Egiari Zor Fundazioak, Amapola del Camino-k eta Mirandako Elkarte Errepublikanoak.

Bertaratutakoek babesa adierazi diote Servini epaileak bultzaturiko kereila argentinarrari, eta argitu dute hain justu hori bera dela frankismoaren krimenengatik irekitako akzio penal bakarra. Iruñean bildu direnen esanetan, kereilak agerian uzten ditu erregimen frankistan giza eskubideen kontrako “bortxatze masibo eta sistematikoetakoak”. Espero dute hori bide izatea “Rodolfo Martin Villa epaitua eta kondenatua izateko ateak zabaltzeko”.

Bestalde, gogora ekarri dute Martin Villak “kitatu gabeko kargu aunitz” dituela Euskal Herrian. “Ministro zelarik, krimen eta sarraski polizial eta parapolizial ugari egin ziren gure herrian”, esan du Presen Zubillaga 78ko Sanferminak Gogoan plataformako kideak, eta zerrendatu egin ditu horietako batzuk; Gasteizko martxoaren 3koa, Jurramendikoa, eta 1978ko sanferminetakoa, besteak beste. Haren esanetan, Martin Villa “gako” izan zen horietan guztietan. Bera karguan zelarik, 90 pertsona hil zituzten osotara.

Halaber, Zubillagak azaldu du oztopoak ugari izan direla azkenik gaur Martin Villari eginen zaion galdeketa gauzatu ahal izateko. “Espainiako instituzioek ez dute inoiz deus egin bortxatze larri horiek jazarri, epaitu eta zigortzeko. Aitzitik, babestu egin dituzte”, salatu du Zubillagak, eta, era berean, gogor kritikatu du berriki Espainiako lau presidente ohik Martin Villari erakutsitako babesa: “Jarrera lotsagabea pertsonaia horiena”, esan du. Dena dela, argitu du jokabide horrek ez dituela harritu, “tamalez”. Aldarrikatu du hain justu Espainiako presidente ohi horiek direla, hein handi batean, “frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenen erantzuleekin izandako inpunitate politikaren egileak”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.