Josu Martinez Barrura begiratzeko leihoak film dokumentalaren koordinatzaileak azaldu duenez, "presoen alde intimoena" erakutsi nahi dute filmean, "diskurtso politikoetatik at". Ukatu egin du presoak goratzen dituztela.
Martinezek Radio Euskadin egindako elkarrizketan argitu du dokumentalean agertzen diren preso guztiak ez direla ETAkoak; "Segikoak daude eta Egin edo Egunkaria auziengatik preso sartutakoak ere bai". Horren harira, Martinezek esan du lanak "dena ETA da" ezabatzen lagundu nahi duela.
Dokumentalak sortu duen polemikaz galdetuta, Martinez harrituta agertu da, inork ez duelako filma ikusi, "oraindik ez dugulako amaitu, besteak beste".
Martinezen esanetan, "ez gara politikariak, bost zine zuzendari gara, ibilbide desberdinekoak, baina beti kulturari lotutakoak, eta ez dugu hortik atera nahi". "Estatuak ezin du artiston askatasuna murriztu" gaineratu du.
Dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatzea da zuzendarien nahia, "baina oraindik ez du hautaketa prozesua pasatu eta ez dakigu maila artistikoa emango ote duen".