politika

Martuteneko espetxean sartu dute Kontsuelo Agirrebarrena

Espainiako Auzitegi Gorenak lau urteko espetxe zigorra ezarri dio Lizartzako PPko zinegotzi bati ikurrinaren makilarekin jotzeko keinua egiteagatik.

2009ko irailaren 2a
19:08
Entzun
Kontsuelo Agirrebarrena (61 urte; Lizartza, Gipuzkoa) Donostiako Martutene auzoko kartzelan sartu dute gaur goizean. Espainiako Auzitegi Gorenak lau urteko espetxe zigorra ezarri dio Agirrebarrenari 2007ko protesta batean Begoña Pereira PPko zinegotziari ikurrinaren makilarekin jotzeko keinua egiteagatik.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, "Ertzaintza azaldu da haren etxean, eta epaitegiaren aurretik igaro eta Martuteneko espetxean sartu dute". Agirrebarrenaren familiak "gaur atxilo hartuko zutenaren inolako adierazpenik" ez duela jaso salatu du eta ohiko prozedura jarraitu ez izana salatu dute. Horrez gain, Ertzaintzak atxiloketaren unean izan duen jarrera ere gaitzetsi dute. "Ez digute Kontsuelo non zegoen argitu, eta Tolosako epaitegira zeramatela esan digute Donostiakora eraman dutenean".

Pasa den larunbatean, Lizartzako herritarrek agerraldia egin zuten Agirrebarrenaren aurkako epaia "neurrigabea" dela salatzeko. Gorenak zabaldutako epaian agertzen denez, emakumeak ez zion zauririk egin zinegotziari, baina erasotzen saiatu zen, eta, beraz, "autoritateari atentatua" egin zion.

Espetxe zigorraz gain, 1.800 euroko isuna ere ezarri diote Agirrebarrenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.