Ikasturtea amaitzear da. Ez, ordea, hezkuntza komunitateko kideek murrizketen aurka martxan jarritako mobilizazio sorta. Erriberako hainbat herritatik abiatutako irakaskuntza publikoaren aldeko Martxa Berdea gaur ailegatuko da Iruñera. Nafarroa osoko irakasle, guraso eta ikasleak ari dira parte hartzen, eta Iruñekoek bat eginen dute haiekin gaur. Azken egunerako, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari nota jartzeko ekinaldi berezia antolatu dute: kalabazak utziko dizkiote departamentuaren atarian, «ekaineko azterketak ez gainditzeagatik».
Martxa 11:00etan abiatuko da Zizur Nagusitik Iruñerantz. Ostegunean Larragan amaitu zuten; larunbatean, berriz, Garesen, eta atzo, Zizurren. Ehunka pertsona batu dira ibilbide osoan, oinez eta bizikletaz. 14:00 aldera amaituko da azken etapa, Sarasate pasealekuan. Zangozatik eta Agoiztik ere iritsiko dira. «Ziur gara jendetzak eginen duela bat azken etapan», erran du Amelia Cardalliaguetek, Tuterako Virgen de la Cabeza ikastetxeko irakasleak.
Iribasek egoera kudeatzeko moduan gutxiegi atera duela argi dute Nafarroan hezkuntzan dihardutenek. Iazko urrian egin zuten lehen greba, eta azken asteotan, bertze hiru egin dituzte: maiatzaren 22an, 29an eta 31n. Irakasleek erantzun zabala eman diete deialdiei; gurasoek ere bai, karrikan. 12.000tik gora pertsonak egin dute protesta, hainbat egunez. Hezkuntza Departamentuak, hala ere, entzungor egin die. Mozketak ezarri beharrekoak direla berretsi, eta haiei eutsi die.
Eskoletan, halere, ez dute amore eman. Nekea pilatu arren, batzarrek eta bertzelako ekintzek jarraitu dute: elkarretaratze zaratatsuak egin zituzten asteazkenean eta ostegunean, UPNren eta PSNren egoitzen aurrean. Datozen hiru egunotan protestak eginen dituzte Hezkuntza Departamentuaren aurrean, 14:30ean. Ostegunean, berriz, 22:00etatik aurrera, Pobre de mí berezia eginen dute, mozketek irakaskuntzan, eta oro har, zerbitzu publikoetan eraginen duten kaltea salatzeko. Datorren astean, hain zuzen, behin-behineko lanpostuak banatuko ditu Hezkuntza Departamentuak. Horietako anitz zalantzan jarri dituzte murrizketek.
Lanean jarraitu
LABeko kide Expe Iriartek ez du zalantzarik: «Gobernuak ez du mugitu nahi. Konponbide bakarra da Barcinak eta Iribasek dimisioa ematea. Ez dira gai egungo egoera kudeatzeko. Lehentasuna zerbitzu publikoak direla argi izan behar da». Gobernuak ez duela atzera eginen argi du Iriartek; baina irakasleek eta gurasoek ere protestei eutsi eginen dietela iragarri du: «Datorren ikasturtea ez da normaltasunez hasiko».
Ideia horrekin bat egin du Cardalliaguetek. «Udan murrizketen aurka lanean segituko dugu. Irailean ere bai, egoerak horrela jarraitzen badu». Azken asteotako greben bidez Hezkuntza Departamentuaren jarrera ez dutela aldarazi onartu du Cardalliaguetek. Horren ardura Iribasi egotzi dio: «Ez du negoziatzeko batere borondaterik erakutsi; hedabideekin baino ez du hitz egiten. Hori ezin dugu onartu».
Geldirik ez egoteko deia gizarte osoari egin diote. «Hezkuntzaren esparrua gainditzeko garaia da. Kalean gurasoen eta ikasleen babesa erabatekoa izan da; orain, hezkuntzaren arloko mugimendu hau gizarte mugimendu bilakatzeko garaia da», nabarmendu du Iriartek.
Martxan, heziketa publikoaren alde
Erriberatik abiatutako protesta gaur ailegatuko da Iruñera; Nafarroako hezkuntza komunitateko kideen mobilizazioek jarraituko dute datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu