EH Bilduk proposatu du txupinazoa Martxoak 3 elkarteak botatzea. Horregatik, elkarteak "eskerrik beroenak" adierazi dizkio koalizioari, euren lana "aintzat hartzeagatik". Elkarte hori 1976ko martxoaren 3ko gertakizunen harira sortu zen; justizia, egia eta erreparazioa eskatzen dute egun hartan Poliziak hildako edo kaltetutako pertsonentzat eta haien senideentzat.
"Txupinazoa jaurtitzea ohore handia da. Animoa eta adorea ematen digu gure borrokan jarraitzeko; egia, justizia, kalte-ordaina eta horrelakorik berriz ez gertatzeko bermea lortzeko", adierazi dute. Uste dute "lagungarria" izango dela martxoaren 3an gertatutakoa "zabaltzeko eta krimenen erantzuleak zigorrik gabe gelditu izana salatzeko".
Azken urteetan herritarren aldetik jasotako babesa ere eskertu dute: "Gasteizko herriaren baldintzarik gabeko laguntzak adorea ematen digu, eta ahalbidetu ditu urte hauetan erdietsi ditugun lorpenak".
Elkarteak gogorarazi du, gainera, 2005ean Neska eta Blusen Batzordeak haien ikurrina eskaini ziela, eta 2011n txosnek ere Txosnisaria eman ziela.
Gasteizko jaiak abuztuaren 4an hasiko dira, eta hilaren 9an bukatu. Ohi bezala, askotariko jarduerak izango dira; udalak egongo diren kontzertuen aurrerapena aurkeztu du.