Carmen Lamela epailearen esku dago auzia, Espainiako Auzitegi Nazioalean. Auzia ez du itxi, eta epaiketara bidean da, baina, bien bitartean, gazteak baldintzapean aske uztea erabaki du. Gazteek ezingo dute Espainiako Estatutik irten, eta astero joan beharko dira epaitegira. Aurretik kontrako erabakia hartu izan du, "delituak berriro egiteko arriskua" argudiatuta.
Martxoaren 11n atxilotu zituzten Iruñean hiru gazteak —beste bat ere auzipetu zuten, baina adingabea da—, manifestazio baten ostean izandako istiluetan. Haiek aske uztekoa eskatuz, hainbat mobilizazio egin izan dituzte. Gurasoek hartu dute ekimena batik bat, eta legebiltzarraren babesa ere jaso zuten —EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk bat egin zuten—. Mobilizazioekin bat egin izan dute ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT eta CCOO sindikatuek ere.
Auzia Auzitegi Nazionalaren esku egon edo ez, horra gakoetako bat, Altsasuko kasuan bezala. Nafarroako Auzitegiak ere kasua Iruñean epaitzearen alde egin zuen, baina Auzitegi Nazionalak auzia berak ikertzea erabaki zuen, "terrorismoa" dela argudiatuta.