MARTXOAK 3

Martxoaren 3ak tirabira sortu du Eusko Legebiltzarrean

PPko legebiltzarkideak joan egin dira hainbat minutuz, eta Gorka Maneiro egotzi du presidenteak. Bideoa: Eitb.eus.

2016ko martxoaren 3a
07:32
Entzun

Martxoaren 3ko Gasteizko gertakarien urteurrenak eztabaida eragin du Eusko Legebiltzarrean EH Bildu, PP eta UPDren artean. Gertakari haiei buruzko legez besteko proposamen bat puntuka bozkatzeko eskatu du PPk, ez baitzegoen ados Espainiako Justiziari eginiko kritikarekin. Julen Arzuaga koalizio subiranistako legebiltzarkideak, ordea, uko egin dio.

Arzuagak gogora ekarri ditu Manuel Fraga PPren sortzaile eta 1976ko martxoan Espainiako Gobernazio ministro zenak eta Iñaki Oiartzabal eta Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideek Martxoaren 3aren harira eginiko adierazpenak; gogoratu ditu, halaber, hildako bost langileen oroitarriei eginiko erasoak. PPkoen esanak eta oroitarrien aurkako erasoak "errealitate politiko berdinaren adierazpen" eta "puzzle beraren pieza" gisa deskribatu ditu.

PPkoak protestan hasi zaizkio, eta ETAren indarkeria gaitzesteko eskatu dio Nerea Llanosek Arzuagari. "Terrorista" deitu dio Javier Ruiz de Arbulo PPko legebiltzarkideak Arzuagari, eta atzera egin du gero, Bakartxo Tejeria parlamentuko presidentearen eskariz.

Gainera, Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidea bere eserlekutik hitz egiten saiatu da, eta Tejeriak, sarritan isiltzeko eskatu ondoren, aretotik egotzi du. PPkoak ere joan egin dira orduan, baina bozketarako itzuli dira, eta adierazpen osoaren alde bozkatu dute.

EAJ, EH Bildu, PSE eta PPren botoekin, Eusko Legebiltzarrak salatu du Espainiako auzitegiek ez dutela ikertu auzia, eta eskatu die giza eskubideetako nazioarteko zuzenbidea bere egin dezala Martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko. Gainera, elkartasuna adierazi die biktimei, eta aitortzaren beharra azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.