Martxoaren 3an Ertzaintzak «indarkeria neurrigabea» erabili zuela salatu dute

Joan den larunbatean Gasteizen egindako protesta «baketsua» izan zela argitu du gazte mugimenduak

Hainbat gazte, ertzainen oldarraldiaren ondorioz jasandako zaurien argazkiak erakusten, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean, martxoaren 3ko biktimen alde Gasteizen egindako manifestazioaren amaieran, Ertzaintza oldartu egin zitzaien kalean eserialdia egin zuten hainbat gazteri. Ondorioz, hiru lagun atxilotu zituen desordena publikoak leporatuta;istiluetan, gainera, hainbat lagun zauritu zituen. Gazte mugimenduak gertakari horien inguruko iritzia eman du prentsaurrekoan. Larunbatean jasandako «bortizkeria» salatu, eta hainbat komunikabidek istiluen inguruan egindako «manipulazioa» agerian utzi nahi izan dute.

Haien arabera, manifestazioa amaitu bezain laster, «desobedientzia ekintza baketsua» egin zuten ehunka lagunek PPren egoitzaren eta Espainiako Gobernuko ordezkaritzaordearen aurrean, eta, handik gutxira, Ertzaintza «mehatxuka» agertu zen. Gazteek salatu dutenez, Ertzaintzak «indarkeria eta jazarpen bereizi gabea eta neurrigabea» erabili zuen protesta egiten ari zirenen aurka. Halaber, ukatu egin dute bildutakoek ertzainei inolako objekturik jaurti zietela. Hori frogatzeko, bideo, argazki eta ospitaleko txostenak badituztela jakinarazi dute.

Istiluetan, hiru gazte «bortizki» atxilotu zituzten —horietako bat adingabea da—, eta beste asko zauritu egin ziren. Areago, azaldu dutenez, zaurituak ospitalean artatzen zituzten bitartean Ertzaintzak, ospitalera sartu, eta bertan zeudenak identifikatu zituen, «mehatxu eta irainen» bidez. Halaber, han zegoen gazte bat atxiki zuten ertzainek, eta «aginteari atentatua egitea» leporatu diote.

Hori horrela, gazte mugimenduak Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du: «Goizean, 36 urte berandu etorri den antzerki mediatikoa egin zuen, eta, arratsaldean, duela 36 urteko errepresio berbera erabili zuen». Apimarratu dutenez, gazteriak 1976an bezalako egoera «latza» pairatzen du oraindik, eta lanean jarraituko du: «Jasotzen dugun kolpe bakoitzetik atxatuko gara, indar gehiagorekin ahal bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.