Martxoaren 3ko biktimak

Martxoaren 3ko biktimak gogoratzeko manifestazioa egingo dute

Eguerdian lore eskaintza egin diete eta arratsaldeko zazpietan manifestazioa abiatuko da Zaramaga auzotik, Gasteizen.

2005eko martxoaren 3a
16:24
Entzun
Hogeita bederatzi urte bete dira gaur Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil eta ehunka zauritu zituenetik. Urte asko izan arren, martxoaren 3ko biktimen elkarteak gertaera horien inguruko "egia" zabaltzeko, "justizia" egiteko, eta hildako eta zauritutakoen biktima izaera aldarrikatzeko lanean dabil oraindik ere. Hala gogorarazi zuen herenegun elkarteko kide Andoni Txaskok.

Txaskok salatu zuenez, oraindik orain erakundeek eta auzitegiek ez dituzte "terrorismoaren biktima gisa" onartu nahi. Gogorarazi zuenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota zien aurkeztutako helegitea, eta Auzitegi Gorenak sei urte inguru eman ditzake kasazio helegitearen inguruan erabakitzeko. Hori gutxi balitz, Eusko Legebiltzarreko biktimen lan-taldeak ere "baztertu" egin duela kritikatu zuen. "Biktimak neurtzeko bi modu daude", gaitzetsi zuen. "Ez al da terrorismoa jendea eliza batean hiltzea eta gaseztatzea?", galdetu zuen.

Era berean, elkartekoek Gasteizko gertakarien gaineko erantzukizunak argitzeko eskaerari eusten diotela gogorarazi zuen Txaskok. Ildo horretan, adierazi zuen PSOEk "huts egin" diela martxoaren 3ko biktimei, sumarioa "ezabatu" nahi duelako, eta biktima gisa aitortzeko legea oraindik egin gabe duelako.

Bestalde, Arabako Aldundiari kalte-ordainak eskatuko dizkiotela jakinarazi zuen. Izan ere, duela urtebete onartutako mozio baten arabera Diputazioak hitz eman zien Espainiako Gobernuak biktimak diruz laguntzeko legea onartu ezean, foru erakundeak hartuko zuela diru hori emateko ardura. Edonola ere, "itxaropentsu" agertu zen Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen komiteak tramiterako onartu dielako aurkeztutako helegitea. "Gertaerak argitzeko bidea zabaldu, eta martxoaren 3ko auzia nazioarte mailan hedatzeko modua izango da", azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.