Martxoaren 3ko biktimen elkarteak Irlandako Bloody Sunday-ko sarraskiaren biktimen lorpenei begira gogoratuko du Gasteizko gertaeren 35.urtemuga, bihar. Izan ere, Derryn (Irlandan) Bloody Sunday-ko biktimei barkamena eskatu berri die David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, eta 1972ko gertakarien inguruko ikerketa sakona egitea agindu du. Ordea, 1976an Espainiako Poliziak Gasteizen tiroz hildako eta zauritutako biktimek ez dute oraindik justizia eta erreparaziorik jaso Espainiako Gobernuaren eskutik. Martxoaren 3ko biktimen elkartekoen ustez,Irlandako adibidea jarraitu beharko luke Espainiako Gobernuak, eta Gasteizko gertakariengatik barkamena eskatu ez ezik, egia azalaratzeko «benetako ikerketa» ereabiatu beharko luke.
Gasteizko gertakarien urtemuga gogoratzeko antolatutako egitarauaren berri eman dute biktimen elkarteko kideek. Aurten, Irlandako adibidea oso presente izango dute, Derryko biktimek «egia eta justiziaren» alde egindako bidea eredugarritzat dutelako. Hala, Anthony Doherty eta Tony Gillespie Bloody Sundayko biktimen ordezkariak gonbidatu dituzte martxoaren 3ko gertaeren ekitaldietara. Gaur arratsaldean hitzaldia eskainiko dute Gasteizen, Jone Goirizelaia abokatuarekin, eta Lau Haizetara Gogoan eta Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kideekin batera. Eta bihar urtemuga gogoratzekoantolatutako omenaldian eta manifestazioan parte hartuko dute.
Gainera, erakusketa antolatu dute Grebatik sarraskira izenburupean. Erakusketa «inpunitatea» salatzeko tresna dela jakinarazi dute. Hilaren 20ra arte ikusgai izango da, Ignacio Aldekoa kultur etxean.
«Estatu terrorismoa»
Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kide Andoni Txaskok Irlanda eta Gasteizko gertakarien antzekotasunak nabarmendu ditu,kasu bietan poliziak errepresioa erabili zuelako eskubideak aldarrikatzen zituzten manifestarien aurka. Haatik, Irlandan ez bezala, Gasteizko gertakarietan Espainiako Estatua «inpunitate osoz» ari dela jokatzen salatu du.Bere esanetan,«Estatuaren terrorismoa» izan zen duela 35 urte Gasteizen gertatutakoa, baina Estatuak egia «ezkutatu» nahi izan du urte hauetan.
Biktimen elkartekoek ezinbestekotzat dute Egiaren Batzorde bat sortzea jazoeren ikerketa sakona egiteko, bai eta «sarraskiaren erantzuleak akusatuen aulkian esertzea» ere. Elkartekoek begi onez ikusten dute Eusko Legebiltzarrean indarkeriaren biktimen egoera aztertzeko lan taldea eratzea. Hala ere, ohartarazi dute euren buruak «terrorismoaren biktimatzat» hartzea nahi dutela, eta ez motibazio politikoak eragindako biktimatzat: «Ez dugu inor baino gehiago izan nahi, baina ezta gutxiago ere».
Martxoaren 3ko biktimak, Irlandako ereduari begira
1976ko gertaerengatik barkamena eskatu eta ikerketa egiteko eskatu dio biktimen elkarteak Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu