2008ko urtarrilean EHU Euskal Herriko Unibertsitateko klaustroan parte hartu zuten hamahiru ikasleren aurkako epaiketa hasi du gaur goizean Bilboko epaitegiak. Bologna planaren aurkako protesta bat izan zen klaustro hartan, eta "desordena publikoak" eragitea egozten die fiskalak.
Hamahiru akusatuetatik bederatzi bertan zirela hasi da epaiketa, gainontzeko laurak ikasten zein lanean atzerrian daudela-eta.
Akusatuetako zazpik adierazi dute klaustrokide zirela eta ikasleen ordezkari gisa parte hartu zutela batzar hartan. Ikasleen iritzia plazaratzeko Bologna planaren aurkako leloak idatzirik zituzten orriak erakutsi zituztela azaldu dute, baina ez zutela bestelako istilurik eragin. Segurtasunerako pertsonek aretoa uzteko eskatu zietenean hala egin zutela modu erabat baketsuan. Aretotik aterata, ertzainek identifikatu egin zituzten.
Lekuko gisa aritu diren ertzainek azaldu dute nola areto nagusiaren kanpoaldean identifikatu zituzten zenbait ikasle. Horiek ez zutela erresistentziarik jarri azaldu dute, ez zutela inolako istilurik eragin eta jarrera lasaia izan zutela uneoro.
Akusazioaren lekuko gisa aritu diren ertzain eta segurtasun enpresako langile batzuek "oihuren bat" entzun zuten klaustro barruan, baina aparteko istilurik izan zenik ezin dutela esan adierazi dute. Aretoaren kanpoaldean izanik, ez zuten ikusi barruan zer gertatu zen.
Segurtasun enpresaren koordinatzaile ari zen langilea ere lekuko gisa deitua zuen akusazioak, baina ez da epaiketara joan. Fiskalaren esanetan, klaustroa egin zen areto barruan izan zen hura, eta, beraz, ikusi zuen gertatutakoa. Hori dela-eta, bere testigantza ezinbestekotzat jo du epaileak. Hura bilatu eta epaiketan lekuko gisa aritu dadin saiatzeko agindua eman du. Hartarako, martxoaren 6ra arte eten du saioa.
Beste bi akusatuk azaldu dutenez, klaustroan ziren haiek ere egun hartan, baina ez zuten inolako protestatan parte hartu. Kazetari lanetan ari ziren EHUren baimenarekin, eta segurtasunerako agenteek ez zituzten ez kanporatu, ez identifikatu.
Defentsaren lekuko gisa aritu diren EHUko bi langilek azaldu dute protesta baketsua izan zela 2008ko urtarrileko klaustroan ikasleek egin zutena, eta halakoak ohikoak izaten direla.
Ikasle Abertzaleek babesa agertu diete ikasleei, eta epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute.