Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak, martxoaren 7an esango dio behin betiko agur bere ibilbideari, Bilbon, Campos Eliseos antzokian, 12:00etatik aurrera egingo duen ekitaldi ireki batean. "Bakearen eta bizikidetzaren alde" urte hauetan guztietan Elkarriren (1992-2006) zein Lokarriren (2006-2015) ekintzak babestu dituzten herritarrei biltzeko aukera eman nahi diete. Era berean, "atzera bueltarik gabeko bake prozesu bat" bultzatzeko pertsona anonimo askok eginiko "lan nekaezin eta tematia" eskertu nahi dute.
Ekitaldian izango dira, besteak beste, Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide eta abokatua, Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaile ohi eta Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusia, Iñaki Arzak Lokarriko Koordinazio Batzordeko presidentea eta Paul Rios bozeramaile eta koordinatzailea.
Iragana eta etorkizuna hizpide
Ekitaldian, iraganera begira jarriko dira, Lokarriren ibilbidea gogorarazteko bideo eta irudiak aurkeztuko baitituzte. Baina, aldi berean, etorkizunari ere begiratuko diote. Izan ere, bake prozesuak aurrera egin dezan proposamen "eraikitzaile eta itxaropentsuak" eginez bukatu nahi dute: "Ekitaldi hau bake prozesua, elkarrizketa, elkar-ulertzea eta bizikidetza aldarrikatzeko gunea izatea ere nahi dugu".
Bazkaria eta festa
Martxoaren 7an bertan (larunbata) bazkari eta festa bat egingo dute Bilboko jatetxe batean. Izena ematea ezinbestekoa da ekitaldirako eta bazkarirako, datorren astelehenerako 902-42 10 10 telefonora deituz edo formulario bat betez.