Martxoaren 8ko mobilizazioetan gertatutako erasoa salatzeko elkarretaratzea jendetsua egin dute Leioan (Bizkaia) dagoen EHUko medikuntza fakultatearen atarian. EHUren gainontzeko campusetan, eta Basurtoko eta Gurutzetako ospitaletan ere egin dituzte elkarretaratzeak. Leioako Mugimendu Feministako kideek azaldu dute medikuntzako irakasle batek mugimendu feministako bi kide erasotu eta gainontzekoak iraindu zituela.
Erasoa deitoratu du mugimendu feministak, baina, momentuz, “beldurragatik” irakaslea ez salatzea erabaki dutela azaldu dute: “Egoera onartezina da, baina, erasotuentzat ondorio pertsonalak egon daitezkeela jakiteak beldur handia eragiten digu”. EHUri “jarrera aktiboa” hartzea eskatu diote, eta “egoeraren larritasun mailara” egokituko diren erantzunak eskatu dituzte: “Irakasle hau kaleratua izan beharko litzatekeela irmoki sinisten dugu eta hala izatea eskatzen dugu”.
Martxoaren 8ko mobilizazioen harira, Leioako Mugimendu Feministak kalejira bat antolatu zuen EHUren Bizkaiko campusean. Ikasle, irakasle eta langileen partetik “erantzun oso positiboa” jaso zutela azaldu dute, baina, medikuntzako fakultatera sartu zirenean, irakasle batek “zuzenean erasotu” ziela salatu dute. Prentsaurrekoan eman dute egun horretan gertatutakoaren berri: “Kirurgiako sailera joan eta tinbrea jo genuen. Une horretan, irakasle bat irten zen guregana, oso modu bortitzean makulu bat eskutan zuela, garrasika eta bertan geunden guztiei irainak zuzenduz”. Azaldu dutenez, “bere onetik irtenda” zegoen irakaslea, eta “handik segundo gutxira”, atea berriro zabaldu eta kalejirako parte hartzailetako bi jo zituela jakinarazi dute.
Lehenagotik ere arazoak irakaslearekin
Mugimendu feministako kideek jakinarazi dute, lehenagotik irakasle horrekin arazoak izan dituztela. “Campuseko ikasle, irakasle zein langileekin hitz egin ostean, jakin dugu, orokorrean, kexa asko daudela hizpide dugun irakaslearen inguruan”. Emakumeen aurkako jarrera duela azpimarratu dute mugimenduko kideek: “Emakume izate hutsagatik gutxiesten ditu”.
Gasteizko Campusean egindako mobilizazioetan segurtasun langileen “jarrera oldarkorra” ere salatu dute: “Bi kasuak gizonezkoen botere erakustaldi moduan ulertzen ditugu, eta, horrenbestez, emakumeon kontrako eraso larri gisa”.