Martxoaren 8tik urriaren 17ra bitarte izango da aurten Emakumeen Mundu Martxa. Europan, Kurdinstanen hasiko da karabana feminista, eta iraila-urrian helduko da Euskal Herrira. Hilabete horietan zehar, "herrialde guztietako milaka emakumek munduari erakutsiko diote zer-nolako alternatiba feministak proposatzen dituzten eredu kapitalista eta heteropatriarkalaren aurrean", azaldu dute gaur Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren aurkezpenean.
Karabana hori irailaren 28tik urriaren 4ra bitarteko astean pasako da Euskal Herritik, eta hainbat ekintza antolatuko dituzte egun horietan. Besteak beste, emakumeek bizi duten askotariko indarkeria-motak ikusarazten saiatuko dira. Halaber, munduari erakutsiko diote "emakumeok erresistentzian ari garela eta ez dugula amore emango gure gorputzen gainean erabaki ahal izan arte".
Urriaren 17an amaituko du Europako karabanaren ibilbidea, Coimbran.