"Estatuarekin adostutako edo estatuak onartutako marko legal batean" galdeketa bat 2014an egiteko konpromisoa azaldu du Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak gaur, CDC alderdiaren ekitaldi batean.
Masek nabarmendu du Kataluniaren estatus politikoari buruzko galdeketa "balizko bost marko legaletako baten arabera" egiteko asmoari eusten diola; halaber, gogorarazi du "urte amaiera baino lehen" adostu nahi duela galdeketaren data eta "galdera edo galderak".
Prozesu subiranistaren bide-orria aurkeztu du Masek. Honakoak dira puntuak:
1. Urte amaiera baino lehen adostuko dute galdeketaren data eta galdera edo galderak. Adostasun ahalik eta zabalenarekin eta gehiengo parlamentario zabalenarekin egingo dute hori.
2. Adostuta dagoen bezala, 2014an egingo da galdeketa. Marko legal baten arabera egingo da. CATN Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeak bost marko legal identifikatzen ditu. Horietako bat edo batzuk erabili beharko dira galdeketa egiteko. Marko legaletatik kanpo ez da galdeketa egiteko era. Nazioarteko komunitatean herrialde serio bezala agertzeko bide bakarra galdeketa marko legal baten barruan egitean datza.
Baina bost marko legal horiek Espainiako Estatuaren mende daude nolabait; lau, zuzenean. Bestea, Kontsulta Legea, Espainiako Estatuaren parte hartze zuzenaren beharrik gabeko bakarra da. Baina gerta liteke auzitegiek atzera botatzea.
Beraz, galdeketa 2014an egin daiteke estatuarekin adostua edo hark onartua bada. Eta hori da marko ona, zeinetan lanean jarraitu behar dugun.
3. Azken unean, ez bada beste irtenbiderik, hauteskundeak erreferendum bilaka daitezke.