Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Kontsulta Legea aho batez bertan behera utzi ondoren, erreakzio politikoak bata bestearen atzetik izan dira.
Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentearen esanetan, irailaren 27rako deitutako hauteskundeak utzi ditu auzitegiaren erabakiak Kataluniako herritarrei galdetzeko bide bakar gisa. Haren iritziz, "ezinezkoa" da Kataluniako politika era "fidagarrian" zuzentzea ez bada argitzen herritarrei independentziaz galdetzeko aukeraren auzia. "Oinarrizkotzat" jo du herritarrei independentziaz galdetzea.
CiUko Kataluniako Parlamentuko bozeramaile Jordi Turullek, berriz, nabarmendu du "inork" ezingo duela azaroaren 9ko galdeketa "ezabatu". "Kataluniako herritarren askatasun eta demokrazia nahien" aurrean Espainiako Konstituzioa "kaiola" gisa erabiltzeko arriskuaz ohartarazi du.
ICVko Espainiako Kongresuko bozeramaile Joan Coscubielak azpimarratu duenez, auzitegiak bertan behera utz ditzake kontsulten legea eta azaroaren 9ko kontsulta, baina ezingo du herritarren "mobilizazioa" eten: "Hau arazo politiko bat da, irtenbide politiko bat duena".
PPko Kataluniako presidente Alicia Sanchez Camachok uste du Masek dimisioa eman beharko lukeela auzitegiaren erabakia onartu ezean, eta porrot egin izana leporatu dio: "Ezein agintarik ezin du legearen eta auzitegien gainetik egon".
CUPeko parlamentari David Fernandezen arabera, "alferrikakoa" da auzitegiaren erabakia, adieraziz auzitegiari ez diola "inolako autoritate juridiko, politiko, sozial edo moralik" aitortzen Kataluniarekiko. Horrez gain, auzitegi horrekiko "insubordinazio lasai, baketsu eta demokratikoa" berretsi du.
Ciutadanseko idazkari nagusi Matias Alonso pozik azaldu da, uste baitu Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondoren Espainiako Zuzenbide Estatuak "indarrean" jarraitzen duela Katalunian. Hala ere, Espainiako Gobernua kritikatu du, "egin behar zuena ez egitea" egotzita; azaroaren 9ko galdeketa debekatzea.