Maskara ongi erabili behar dela nabarmendu du Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak

Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak maskarak egoki erabiltzeko gakoak eman ditu, «maskara, jantzi, eta ongi erabili» behar baita.

Maskaren erabilera egokirako jarraibideak eman ditu Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko uztailaren 16a
11:47
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurtik aurrera derrigorrezkoa da maskara janztea, eta Nafarroan, bihartik aurrera, baita segurtasun distantziak mantentzen diren egoeretan ere. Hori dela eta, Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak maskarak egoki erabiltzeko gakoak eman ditu, «maskara, jantzi, eta ongi erabili» behar baita.

Hutsik ohikoenak hauek direla jakinarazi dute: sudurra ez tapatzea, maskara eskuekin ukitzea, poltsikoan gordetzea, eta pentsatzea erabiltzailea babestua dagoela maskara kirurgikoarekin (Gipuzkoan gehien erabilia den maskara mota). Elkartekoek gogorarazi dute maskara kirurgikoek ez dutela erabiltzailea babesten, baizik eta gainontzeko guztiak babesteko balio dutela, eta horregatik dela horren garrantzitsua denek maskara janztea. Izan ere, maskara kirurgikoa jantzita daramanak ez ditu gainontzekoak kutsatuko, baina erabiltzailea bera kutsa daiteke.

Neurria eraginkorra izan dadin bete beharreko jarraibideak zeintzuk diren ere zehaztu dute. Batetik, maskara erabili edo ukitu aurretik, eskuak ondo garbitu behar dira, eta higienerako neurriak zorrotz bete behar dira. Bestetik, maskara beti alde beretik jantzi behar da, eta posizio berean. Gainera, maskarak ahoa eta sudurra estali behar ditu, oso-osorik, eta, hitz egiteko edo eztula egiteko, ez da inoiz kendu behar. Maskara ezin da ukitu, eta ezin da behatzik sartu azpiko aldetik.

Maskara kendu nahi denean, eskuak garbituta kendu beharko da, eta gometatik eutsita. Oihala ez ukitzea gomendatzen da. Jasotzeko orduan, bestalde, maskarak garbia egon beharko du. Inoiz ez da gorde behar zuzenean poltsikoan, poltsan edo motxilan. Plastikozko poltsa garbi batean gordetzea aholkatzen dute, ixteko sistema erraza duen poltsa batean.

Maskarek iraungitze data bat dutela ere jakinarazi dute. Maskara bakoitzak erabilera tarte maximoa duenez, egokiena da fabrikatzaileak dioenari kasu egitea. Horretarako, ezinbestekoa da maskararen kaxak dakarren informazioa kontsultatzea. Kasu batzuetan, maskarak berak adierazten du zein den gehieneko erabilera denbora hori.

Higienikoak eta kirurgikoak gehienez lau orduz erabil daitezke, eta, lehenago hezetu bada, orduan kendu egin behar da. Autofiltranteak (FFP2 eta KN95 maskarak) gehienez zortzi orduz erabil daitezke, eta etxean egindako oihalezko maskarentzat oraindik ez da gehieneko ordu kopururik jarri. Hezea edo zikina dagoenean aldatzea komeni da.

Osasun Sailak hartutako neurriekin bat datozela jakinarazi dute, eta Miguel Angel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko lehendakariak azpimarratu du neurri aproposa eta beharrezkoa dela, pandemia oraindik ez delako desagertu. Gaineratu du neurri hori ez dela ikusi behar derrigortasun moduan, baizik eta arduratsu jokatzeko beharrezko tresnatzat hartu behar dela; gizarte osoa babesteko norberak hartu beharreko neurri gisa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.