Krisialdi ekonomikoak jarri du, berriz ere, eztabaida mahai gainean. Europan, egun ezagutzen dugun estatuen mapa aldatu beharko litzakeen edo ez, horrek krisialdiari aurre egiteko balioko lukeen edo ez, eta gisa horretako galderei erantzuten dieten ikerketak ugaritu dira azkenaldian. Baita politikatik urrun diruditen zenbait ikerketa eremuetatik ere.
Espainiako Karlos III.a Unibertsitate publikoak ikerketa bitxi bat egin du Europako Batasunaren egituraketan ondoko urteotan gerta daitezkeen aldaketak «aurreikusteko». (The Stability and Breakup of Nations: A Quantitative Analysis). Ikerlariek eredu matematiko bat sortu dute, herrialde bakoitzaren aspektu ekonomiko eta kulturalak kontuan hartuz. Horren arabera, herrialde eta estatu batzuek elkartzeko edo batzeko «interes» handia izango lukete. Adibidez, Austria eta Suitzari edo Norvegia eta Danimarkari interesgarri litzaieke bat egitea. Era berean, independentzia lortzeko zein herrik duen «interes» gehien eta zeinek lortuko lukeen «etekin» gehien zehaztu dute. Herri horien artean lehena Euskal Herria izango litzateke, Eskozia eta Sardiniaren aurretik. Ikerlari horiek nabarmendu dutenez, Eskozia eta Euskal Herria dira, ordena horretan, Europako mendebaldean autodeterminaziorako erreferenduma antolatzeko bidean dauden herrialde bakarrak.
«Gure ikerketan ez ditugu ardatz hartu estatuen erabaki estrategikoak; saiatu gara herrialde bakoitzak balizko batuketa edo sezesio bati aterako liokeen etekina aurreikusten» azaldu du Ignacio Ortuño-Ortin ikerketaren zuzendariak Espress agerkari ekonomikoan.
Karlos III.a Unibertsitateko ikerlariarekin batera unibertsitate hauek parte hartu dute ikerketan: Toulouse School of Economics (Okzitania), Southern Methodist University (Dallas, AEB) eta New Moscow School of Economics (Errusia). Espainiako Gobernuaren Zientzia Ministerioak eta BBVA banketxearen fundazioak diruz lagundu dute ikerketa.
Ikerketa lan hori 2009an eginda badago ere, aurtengo azaroan eman zuten horren berri artikulu zientifikoetan espezializatutako agerkariek, eta oihartzuna izan du komunikabide ekonomikoetan, bereziki.
Europako Parlamentuko kideek ere iazko azaroan izan zuten esku artean ikerketa lan hori, estaturik gabeko nazioak ordezkatzen dituen parlamentari talde batek antolatutako mintegi batean banatu zuten, eta Erresuma Batuko Harvard unibertsitateko Adam Price irakasleak aurkeztu zuen. Ikerketa horretako datuekin, Pricek ondorioztatu zuen herrialde baten garapenari eta krisialdi ekonomikoari aurre egiteko gaitasunari mesede egiten diola txiki izateak. Harvardeko irakaslearen arabera, nork bere erabakiak hartzeko gaitasuna izango litzateke herrialde baten garapenerako gakoa Europan.
Kultura eta ekonomia
Irizpide kulturala neurtzea zaila denez, ikerlariek Europako nazioetako biztanleen arteko diferentzia edo distantzia genetikoak eta haien arteko antzekotasun kulturalak —historia eta hizkuntza, adibidez— aztertu dituzte, eta horri gehitu diote aldagai ekonomikoa. Ikerlariek balizko aldaketa batzuen gainean prospekzio batzuk egin dituzte, eta aliantza posibleakzeintzuk liratekeen aztertu dute.
Europan egun ezagutzen dugun estatuen arteko banaketa desagertuko balitz, balizko batuketa edo aliantza mesedegarrienak eta kaltegarrienak zeintzuk izango liratekeen aztertu dute. Ikerketaren arabera, Suitzarentzat onuragarria litzateke Austria eta Danimarkarekin batzea; Frantzia eta Erresuma Batuko aliantza onuragarria litzateke ere; Espainiarentzat interesgarria litzateke Frantziarekin elkartzea, baina, aldiz, Parisek ez luke irabaztekorik balizko aliantza hori gauzatuko balitz.
Ikerlariek beste hainbat ondorio atera dituzte. Hala, Europako Batasuneko kideen arteko harremanak «sakontzeak» zein estaturi egingo liokeen mesede aztertu dute. Adibidez, Europako estatuek fiskalitate eredu komun bat ezarriko balute, Portugal, Grezia, Irlanda eta Finlandia lortuko lukete etekin gehien. Aldiz, Alemania, Italia eta Frantzia galduko lukete batasun fiskal horrekin.
Espainiako Konstituzioaren Eguna
Matematikek baietz diote
Nazioarteko ikerketa batek dioenez, Euskal Herria eta Eskozia dira independentzia lortzeko interes gehien duten Europako herrialdeak. Erabaki horrek, gainera, mesede egingo liekeela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu