Espainiako Gobernuak, «de facto», ez dizkio bost milioi euro emango Nafarroako Gobernuari Mendekotasun Legea gauzatzen jarraitzeko. Horrela salatu du Nafarroako Gizarte Politiketarako kontseilari Elena Torresek. Diru kopuru hori ematea zeukaten hitzartuta, baina 2012. urtean bigarren mendekotasun maila dutenei eman beharreko laguntza urtebete atzeratzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Nolanahi ere, Torresek jakinarazi du foru gobernuak bere gain hartuko duela mendetasun maila hori duten pertsonen arretaren kostua. Nafarroako Gobernuak pertsona horiekiko duen «engaiamendua» nabarmendu du Torresek.
Haserre agertu zen atzo Torres Espainiako Gobernuarekin, erabaki hori hartzerakoan izan duen jarrera dela eta: «Mendekotasun Legearen muinari eragiten dioten erabakiak alde bakarrez hartu dituzte, autonomia erkidegoak aintzat hartu gabe». Areago, Nafarroako eskumenak errespetatu beharko dituela ohartarazi dio Espainiako Gobernuari, eta iragarri du ezezkoa emango diola lege horren garapena atzeratzeko edozein proposameni.
Legea indarrean jarraitzearen kostua Nafarroak bere gain hartuko badu ere, Torresek adierazi du Espainiako Gobernuaren erabakia juridikoki aztertzeko asmoa duela: «Estatuarekin hitzarmen bat dugu, eta diru hori eman beharko ligukete». 2013. urterako, mendekotasuna dutenei laguntzeko arauaren egoera berriz aztertu beharko dutela gaineratu du Torresek: «Hitzarmenean adostutakoa aldatu egingo da, baina orain arteko akordioa bere horretan uztearen aldekoa naiz».
Araua zentralizatzearen alde agertu zen herenegun Ana Mato Espainiako Osasun eta Gizarte Politikako ministroa, «bideragarriagoa» egiteko. Erkidegoetako ordezkariekin batzarra egin zuen. Legea bera aztertzeko bi hilabeteko epea jarri du Matok, eta gizarte zerbitzuei eta mendekotasunari buruzko akordioak egitea proposatu die erkidegoei. Legea finantzatzeko era ere aztertzeko asmoa azaldu du Matok, beste bide batzuk topatu behar direla adierazita.
Ezarpen «eredugarria»
Mendetasuna dutenei kasu egiten Nafarroako Gobernuak eginiko lana goraipatu du Torresek: «Diru gehien ematen duen erkidegoa gara, Estatuak onartu duena baino gehiago ematen dugu». Legearen ezarpenean Gizarte Gaiterako Departamentua «eredugarria» izaten ari dela erantsi du: «Ez dugu zorrik hornitzaileekin, ezta familiekin ere, eta epeetan zehaztutakoaren arabera ari gara legea indarrean jartzen», nabarmendu du.
Matoren asmoen aurka egin du Nafarroak
Elena Torresek esan du Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko duela Mendekotasun Legea ezartzearen kostua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu