Matrikulazioen beherakada eten egin da euskaltegietan

Ikasturte honen hasieran, iazko urrian, aurrekoan baino 1.500 ikasle gehiagok eman zuten izena Euskal Herriko euskaltegietan; amaitu da horrela azken urteetako beheranzko joera

2004ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Euskaltegietako matrikulazio kopuruaren beherakada eten egin da ikasturte honetan, 2003-2004ko urriko matrikulazio datuen arabera. Izan ere, iazko urrian 2002koan baino 1.500 ikasle gehiagok eman zuten izena Euskal Herriko euskaltegiren batean; horrek esan nahi du %5eko hazkundea izan dela ikasturte honetako hasieran aurrekoaren aldean.

Amaitu da, oraingoz behinik behin, euskaltegietako matrikulak azken bolada honetan urtez urte izandako beheranzko joera. Beherakada 90eko hamarkadaren erdian abiatu zen, eta goia jo zuen 2002-2003 ikasturtean (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegiek, adibidez, 11.000 ikasle galdu zituzten 1995-1996 ikasturtetik 2002-2003ra bitartean).Urriko matrikulazio kopurua egokia izaten da euskaltegietako ikasleen kopuruaren joerak ikusteko, nahiz eta ikasturte amaierako kopuruak beharrezkoak diren behin betiko alderaketa egin ahal izateko. Urrian matrikulatzen da ikasle gehien, baina ikasturteko gainontzeko hilabeteetan ere izena ematen dute ikasleek.

Urriko matrikulazioek gora egin dute aspaldiko partez: 1999. urtean 38.000 ikasletik gora zeuden Euskal Herriko euskaltegietan, 34.500 inguru hurrengo urtean eta bilakaerak hondoa jo zuen 2002ko urrian, 30.000 ikasleren marka sinbolikotik behera egitean (29.279).

Indarrean den ikasturteak, berriz, beste era bateko joera ekarri du: 30.774 ikasle zeuden Euskal Herriko zentroetan iazko urrian. Gainera, goranzko tasak sumatu dira herrialde guztietan (batez ere Araban eta Bizkaian), Gipuzkoan izan ezik.

Igoera, toki erdaldunenetan

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) zuzendari Jokin Azkueren esanetan, goiz da oraindik zenbakiak interpretatzeko, baina lehen ondorioa da hazkunderik nabarmenena «gune erdaldunenetan» izan dela.

«Araban egin du gora, Gasteizen batez ere, eta sare guztietan; baita Bilbo metropolitanoan ere, ezker-eskuinaldeko udal euskaltegietan», esan du HABEko buruak. Izan ere, Arabak 500 ikasle gehiago ditu, eta Bizkaiak, berriz, mila.Gainera, Azkueren arabera, Gipuzkoan eta Bizkaiko eremu euskaldunetan lortu egin da azken urteetako jaitsierari eustea, eta, hala, jaitsiera txikiagoa izan da joan zen hamarkadaren amaieran baino: «Aurten hautsi egin da lehengoko maldan beherako jaitsiera hori».Joera, dena den, orokorra da, goranzko bilakaera sumatu baita ikasturteon baita Nafarroan eta Iparraldean ere. Nafarroan, adibidez, 5.000 ikasle zeuden izena emanda 2000. urteko urrian, eta 2002koan, berriz, 3.768. Hala eta guztiz ere, 2003-2004 ikasturteko urriko matrikulazioak erakutsi du eten egin dela beherakada (ehun ikasleren gorakada izan da). Iparraldean, berriz, tasa mantendu egin da.

Etorkinentzako ekimenak

Sektoreak, krisiaren tamaina ikusita, zenbait ekimen berri abiarazi ditu. Bide horren isla zuzena da Arabako AEK-k herenegun aurkeztu zituen etorkinentzako ikastaro bereziak.

-

HABE



«Ikasleei neurriko eskaintza egitea da erronka»



HABEko zuzendari Jokin Azkueren ustetan, «ikasleei beren neurriko eskaintza egitea eta eskaintza dibertsifikatzen jarraitzea» da euskalduntze eta alfabetatzeak duen «erronka nagusia». Euskaltegiek azkenaldian hartutako politika «indartu» beharko dutela uste du.

Azkuek gogora ekarri du garai batean oso zentro gutxi aritzen zirela teknologia berriekin, eta gaur egun, berriz, asko eta askok erabiltzen dituztela. Era berean, eskaintza jakinak egitea oso mesedegarria izan dela dio: «Gurasoei eta enpresa munduarentzako eskaintzak progresioa geometrikoa izan du azken urteotan».Gainera, oso garrantzitsutzat hartu ditu euskaltegiek egindako egokitzapenak: «Malgutasun handiagoa dago. Ikasleei egokitutako ikastaro gehiago onartzen dira, eta orduan moduloak ez dira hain trinkoak, baizik eta malguagoak eta ordu gutxiagokoak».Sektorearen krisiak 1996-1997 ikasturtean goia jo zuenetik euskaltegiek «eskaintza aldatzeko ahalegina» egin dutela dio Azkuek. Aurrerantzean ere bide beretik jarraitu behar dutela uste du.Administrazioko eta zentroetako kideek bitariko batzordean lanean dihardute, iaz hitzartu zutenari jarraiki. Astelehenean egin zuten orain arteko azken bilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.