Hedabide digitaleko foroetako iruzkin anonimoak aztertu ditu Emakundek babestutako ikerketa batek, eta, ondorioztatu dutenez, emakumeen eta gizonen berdintasun eza zalantzan jartzen duten “iruzkin matxista asko” agertzen dira. Bereziki zalantzan jartzen dira genero indarkeria, pobreziaren feminizazioa eta emakumeen lan diskriminazioa. Ikertzaileen azaldu dutenez, batetik hauen existentzia ukatzen da, eta, bestetik, genero indarkeriaren kasuan batik bat, biktimaren sinesgarritasuna eta haren testigantza kolokan jartzen dira maiz.
Emakumeen notizien inguruko neomatxismoa. Publikoaren parte hartzea EAEko foro mediatikoetan du izena ikerketak eta Rut Iturbide, Patricia Amigot eta Maria Isabel Menendezek ondu dute; Emakunderen beka jaso du lanak. EAEko lau egunkari digitaleko iruzkinak aztertu dituzte: El Correo, Noticias de Alava, Gara-Naiz eta BERRIAkoak. 2016ko abuztua eta 2017ko martxoa bitartean bildu zituzten laginak. Ikerketaren arabera, ezberdintasun “nabarmenak” daude komunikabideen artean, baina orokorrean, “matxismo kutsu handia” aurkitu dutela adierazi dute ikertzaileek.
Bereziki genero indarkeria zalantzan jartzea “larria” eta “arriskutsua” dela azpimarratu du Landaidak. “Ez die batere mesederik egiten halako egoerak jasaten ari diren emakumeei”, adierazi du. Zalantzan jartzen dira, halaber, berdintasun eza gainditzeko egiten diren ekintza guztiak, bai erakundeen aldetik egindakoak eta baita talde feministek gauzatutakoak ere. Ikertzaileek azaldu dutenez, gizonak biktima balira bezala agertzen dira batzuetan. “Berdintasunak lurralde bat konkistatzen duen aldiro, kontrako eraso bat jasotzen du”, ohartarazi du Izaskun Landaidak, eta gaineratu du: “ez da gauza berria”.
Sexismoa eta gorrotoa erakusten duten iruzkinez gain, gehien agertzen direnak “sotilagoak” direla nabarmendu du Landaidak, “emakumeen gaitasunen aitorpenen kontrakoak dira”. Andreek zenbait gauza egiteko edo arrakasta izateko duten ahalmena ezbaian jartzen dituzte gehienbat.