Matxitxako lurmuturrean aurkitu zuten ontzia ez da 'Nabarra' boua

Azti-k martxoan topatu zuen itsasontzia merkantziakoa da. Kresala Urpeko Taldeak egin du txostena.

2008ko ekainaren 25a
18:53
Entzun
Azti-k iragan martxoan Matxitxako (Bizkaia) lurmuturrean aurkitu zuen itsasontzia ez da Nabarra boua, hasieran hala uste bazen ere. Hala esan du gaur Eusko Jaurlaritzak, Kresala Urpeko Taldeak egindako txostena oinarri hartuta, www.busturialdekohitza.info-k dioenez.

Jaurlaritzaren itsas armada izan zen ontzi hori Espainiako Gerran. Nabarra boua hondoratu egin zuten frankistek 1937ko martxoaren 5ean, eta ontzian zeuden 49 itsasgizonetatik 30 hil ziren borrokan.

Kresala elkartea ikerketa zentroarekin harremanetan jarri zen eta bere zerbitzua eskaini zion ontzia aztertu eta Nabarra zen ala ez ebazteko.

Jabi Atutxa urpekari taldeko presidentearen arabera, ordea, Aztik, "segurtasun neurriak" argudiatuta, atzerriko enpresa bati egin nahi zion ikerketaren proiektua aurrera eramateko eskaintza.

Kresala elkarteak, bere aldetik, ontzia bilatzeari ekin zion, "Aztik erakutsitako irudiak" jarraituta; izan ere, horietan kostaldeko lerroa ikus zitekeen, "eta horrekin eta zonda baten laguntzarekin" aurkitu egin zuten.

Burdina zeraman merkantzia ontzia

Aurkitutakoa "barruan burdina zeraman merkantzia ontzi bat" dela agertu du Atutxak. Ez dakite, ordea, zein izan daitekeen; izan ere, "Bizkaiko Labe Garaietako eta bestelako konpainietako desagertutako ontziak" begiratu dituzte, baina horiek aurkitu dutena baino handiagoak dira. Dena den, Euskal Herrikoa dela uste dute. Lehen Mundu Gerran era horretako ontzi ugari ibiltzen ziren Ingalaterrara eta Baionara.

Aztirekin batera lau urte zeramatzan elkarlanean Kresala Urpeko taldeak Eusko Jaurlaritzak eskatuta itsaspean dauden gauzei buruzko lehen inbentarioa egiten. Aurkitutako ontziari buruzko txostena, bestalde, asteartean eman zion Aztiri, eta honek Jaurlaritzari. Azken honek baieztatu zuen ontzia ez zela Nabarra.

Nola jakin ez dela 'Nabarra' boua?

Itsaso azpian, ehun metro baino gehiagora hondoratuta dagoen ontzia Nabarra boua ez dela ziurtatzeko nahikoa argudio badituztela agertu du Jabi Atutxak. Batetik, "burdin-minerala duelako barruan" eta, bestetik, "egitura" desberdina duelako. Hain zuzen, "Nabarra-k ez zuen branka-gaztelua deritzon"».

Bestalde, "kanila zegoen tokiaren neurria hamalau metrokoa zen, planoaren arabera eta honek, asko jota, zortzi metro ditu".

Horrez gain, Atutxaren esanetan, ontziko elementu horren gainean beste egitura handi bat dauka "eta hor ezinezkoa da kainoi bat joatea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.