Alabaina, Nuclenorrek zentralaren segurtasuna erabatekoa dela erakutsi nahi badu ere, gertakariak bestelakoa erakusten ari dira azken asteotan. Uztailaren 29tik lau matxuraren berri eman du Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN). Nuclenorrek adierazi du ez dela inolako arriskurik izan, baina ekologistak ez daude ados. Greenpeaceren arabera, gutxienez haietako batean, zentral nuklearraren segurtasuna kolokan jarri da. Hain zuzen ere, etengabeko hornidurarako barren bateria batean akatsa atzeman zuen Nuclenorrek uztailean, baina CSNk ez zuen haren berri eman abuztuaren 19ra arte. «Gertakari hau garrantzitsua da», azaldu du Carlos Bravo Espainiako Greenpeaceko Energia Alorreko arduradunak. «Zentrala ezin da argindarrik gabe geratu, larrialdietako diesel ekipoen funtzionamendua kolokan jar daitekeelako. Hori larria da». Izan ere, zentralean arazoren bat egongo balitz, barruko argindar sistemak ziurtatu behar du, modu autonomoan, funtzionamendua. Bateriek hori egiten dute.
Gainera, bost egun geroago zentralak izan zuen gelditze automatikoaren atzean zer dagoen argitu behar duela eskatu dio Greenpeacek Nuclenorri. Izan ere, kanpoko sare elektrikoan ari ziren lanean. «Ez dakigu lan horiek zentraletik ateratzen den edo sartzen den argindarrerako ziren. Baina gerta liteke Garoñak arazoren bat izatea kanpoko argindar hornidurarekin».
Kezka, segurtasuna dela eta
Urteak pasatu ahala, segurtasuna txikiagoa dela uste dute ekologistek. «Zentral zaharrek huts gehiago dituzte, eta hori frogatuta dago munduan. Garoñakoan, erreaktorearen pegarrean dauden pitzadurak eta lehen mailako sistemako beste hainbat arazok segurtasun falta dakar. Eta egoera okertu baino ezin da egin».
Alberto Frias Eguzkiko eledunaren arabera, ezin dira «anomaliatzat» jo zentralean gertatzen ari diren hainbat gauza. «Ebro ibaian zesio-130 eta kobalto-60 isotopo erradioaktiboak aurkitu dituzte, eta CSNk dio erradioaktibitateak kutsatutako 400.000 litro ur zenbatu dituztela, eta lurrun kutsatua erregulatzen duten maskorrak matxuratuta daudela». Halaber, Eguzkik oroitu du zentralak legeak onartu baino 60 aldiz gehiago isuri dituela gas erradioaktiboak. «Granulatu arteko korrosioaren arazoak irtenbiderik gabe segitzen du, eta erreaktoreko pegarraren pitzadurak ere bai», esan du Friasek. Gainera, zentralaren eragin eremuan bizi direnengan zentralak duen eraginaz oroitarazi du, minbizi tasa altuak daudelako, Espainiako Epidemiologia Zentroko Minbizi Unitateak egindako txostena gogora ekarrita.
Zentralaren eragin eremuan daude, besteak beste, Bilbo eta Gasteiz. Ekologistek ez ezik, erakundeek ere eskatu dute behin eta birritan zentrala ixteko. Joan den astean bertan Arabako Foru Aldundiak. Zentralaren egoera ikusita, Espainiako Gobernuari baimena ez luzatzeko eskatu diote ekologistek berriz. «Zapaterok agindu zuen itxiko zuela eta ez du egin. Haren sinesgarritasuna kolokan dago, eta ez gaude prest beste legealdi bat pasatzen uzteko. Garoñarekin egiten dutenak erakutsiko du Gobernuaren benetako jarrera», esan du Bravok.
Garoñako zentralean gertatutakoak ez ezik, azken asteotan Herrialde Katalanetako zentral nuklearretan izandako gertaerek alarma sortu dute gizartean. Egoera ikusita, CSNk bilerara deitu die zentraletako arduradunei. Ekologistak, baina, ez dira baikorrak. «Ezin dugu deus espero, eta are eta gutxiago jarrera aldatzea. Aurpegia garbitzeko egingo dute bilera», esan du Bravok. Izan ere, energia liberalizatu zenetik segurtasunaren gaiak ez duela lehentasunik uste du Greenpeacek. «Bitxia da, baina Javier Zarzuela CSNko Larrialdietako zuzendariak zentralei eskatu die lehenetsi dezatela segurtasuna. Horrek erakusten du kontrakoa egiten ari direla». Zentralek berdin segituko dutela uste dute. «Mozkinak areagotzen dituzte kostuak murriztuz. Ez dira dirua inbertitzen hasiko, eta modu prekarioan jarraituko dute, pegarra aldatzeko behar diren milaka milioi euroak inbertitu gabe, adibidez». Bitartean, Garoñak arrisku bat izaten segituko duela uste dute.
Garoñako azken jazoerak, CSNk jakinaraziak
2004-2-3. Txatarra zati kutsatuak eraman zituzten birziklatze zentro batera. CSNk zigor txostena ezarri zion horregatik Nuclenorri.2005-3-14. Erreaktorea dagoen eraikineko aireztapen balbulek gaizki funtzionatzen zutela atzeman zuten.
2005-3-28. Nukleoaren larrialdiko hozte sistemak piztu ziren.
2005-3-29. Erregaiz hornitzen ari zirenean, B bonba martxan jarri zen eta, erreaktorearen ontzian maila baxua zegoelako, kontrolerako barrak aktibatu ziren.
2005-11-5. Zentralaren lehen mailako euskarriaren atmosferako tenperatura neurtzeko gailuak ez zuela funtzionatzen konturatu ziren.
2006-7-22. Erreaktorea gelditu zen, Ebro ibaiko uren tenperatura altuegia zelako.
2006-9-13. Arazoak izan ziren baterien sisteman.
2006-9-26. Zentrala automatikoki gelditu zen.
2006-12-3. Kargatze elektrikoa trabatzen zuen seinalea jaso zuen elektrizitate sorgailuak, eta, ondorioz, zentrala gelditu egin zen.
2006-12-11. Erreaktorearen hozte sistemaren jarduera ohikoaz gora ibili zen.
2007-3-19. Zentral nuklearrarentzat lan egiten zuen CEGELEC enpresaren langile batek istripua izan zuen. Bihotzekoa eman zion.
2007-5-22. Ordezko gasak tratatzeko sistema aztertzen ari zirela, emaria gailuek markatzen zuten baino %20 handiagoa zela atzeman zuten.
2007-9-10. Kanpoko atmosferaren erradiazioa behatzen duen monitorea indarrik gabe gelditu zen, eta kontrol gela aireztatzeko larrialdiko sistema jarri zen martxan.
2007-11-2. Okertuta, ur bonba bat jarri zuten martxan erreaktorearen hozte sistema aztertzen ari ziren bitartean.
2008-3-14. Onargarria dena baino emari handiagoa atzeman zuten kondentsadorearen gasak tratatzeko sisteman.
2008-7-29. Lehen mailako euskarrirako ateak ez zituen segurtasun arauak betetzen.
2008-8-12. Hornidurako barra baten transformadorea deskargatzeko lanean ari zirela, kabinako ateak zabalik utzi zituzten, azkarrago hozteko. Ateak zabaldu zirenez, suteen kontrako sistema deuseztatu zen.
2008-8-19. Etengabeko hornidurarako barren bateriak behar baino baxuago zeudela konturatu ziren.
2008-8-25. Automatikoki gelditu zen erreaktorea, zentralaren parke elektrikoko babesen doikuntzetan ari zirela.
Deialdia
MARTXA, IGANDEANUrtero bezala, Garoñako zentralera ibilaldia egingo du zentralaren aurkako koordinakundeak heldu den igandean. Martxa 12:00etan irtengo da Barcina del Burgotik, eta zentralaren atariraino helduko da.