Mediku bat zigortu dute zaldizko baten heriotzagatik

Urtebete eta bi hileko kartzela zigorra beteko du Nagore Otaño artatu zuen medikuak, nahigabeko homizidioagatik

jon eskudero
Donostia
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Nagore Otaño lasterketetako zaldizkoa artatu zuen medikua zigortu egin dute, nahigabeko homizidioagatik. Sententziaren arabera, urtebete eta bi hilabeteko kartzela zigorra bete beharko du medikuak, eta, horrez gain, datozen hiru urte eta lau hilabeteetan bere kargua betetzeko gaitasunik ez du izango. 108.392 euro ere ordaindu beharko dizkio aseguru etxeak zaldizkoaren amari.

Otañok 28 urte zituen Donostiako hipodromoan istripua gertatu zenean, 2007ko abuztuaren 12an. Sententziak azaltzen duenez, istripua arratsaldeko bigarren lasterketan gertatu zen, Otañoren behorrak haren aurrekoarekin estropezu egin zuenean. Zaldizkoa «hegan atera zen aurreraka», lurrera erori eta belarraren aurka kolpea hartu zuen; «burmuineko traumatismo» bat jasan zuen, momentuan bertan konortea galduz.

Idatziak adierazten du Gurutze Gorriko anbulatzia bat bertaratu zela istripuaren tokira, zaldizkoa hartuta txarteldegira joan zela, ondoren ospitalera joateko. Ospitalera iritsi bezain laster, Otaño hil egin zen. Sententziak gogor kritikatzen du medikuaren jarrera, istripuaren tokiraino bertaraino ez hurbiltzeagatik eta berehala ospitalerako bidea ez hartzeagatik.

Zaurituak konortea berreskura zezan, medikuaren zeregina zen bere onera ekartzeko maniobrak egitea, bihotza suspertzeko ahaleginak eginez, baina, sententziak dioenez, saiatu ere ez zen egin.

«Hiltzeko adinakoa ez»

Sententziaren zati handi bat Otañori autopsia egin zion auzitegi medikuaren adierazpenetan oinarritzen da. Hark epaiketan esandakoaren arabera, istripua ez zen hiltzeko adinakoa izan, baina lehenengo momentutik ez zen behar bezala jokatu: «Behorretik erori eta lasterrera bihotza geratu zitzaion Nagoreri, eta arnasa hartu ezinik geratu zen, baina egoerari buelta ematea posible izan zitekeen. Horretarako, medikuaren jarrerak bestelakoa izan behar zuen hasieratik».

Defentsaren arabera, zaldizkoa behar bezala artatzeko medikuak ez zeukan behar adina materialik. Sententziak esaten du hori hala izan balitz 112 telefono zenbakira deitzea derrigortuta zegoela eta, hala egin ez zuenez, zigorra bete beharko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.