Mediku bakar batek ere ez digu frogatu txertoagatik izan ez denik». Karmentxu Oraak eta Nagore Camposek argi dute beren alabek umetokiko lepoko minbiziaren aurkako txertoaren ondorioakjasan dituztela. Sukarra, zorabioak, giharretako uzkurdurak... Benetako gurutze bidea sufritu behar izan dute. Hori bezain gogorra izan da haientzat medikuek emandako tratua. «Dena ukatzen digute, eta erotzat hartu. Ez dute gizatasunik», diote biek. Alabek hobera egin duten arren, ez dute etsiko egia frogatu arte.
Oraaren alabari orain hiru urte jarri zioten txertoa, 13 urterekin. Pediatrak berak gomendatu zion. Hasieratik, ordea,arazoak izan zituen. Zorabiatu egin zen; besoa handitu egin zitzaion, eta sukarra izan zuen. «Sintomak normalak zirela esan zidaten medikuek». Hilabeteak aurrera joan ahala, ordea, ondoeza areagotzen joan zitzaion. Eskola ere utzi behar izan zuen genitaletan atera zitzaizkion pupa batzuengatik. «Denbora guztian nekatuta zegoen, eta sukarrarekin. Defentsa jaitsiera batengatik zela esaten zidaten», dio Oraak.
Azkenean, Iruñeko Bideko Ama erietxean ingresatu zuten, hilabete batean hamar aldiz zorabiatu baitzen. «Esfortzuren bat egiten zuen aldiro, ziplo erortzen zen». Azkenean, agindu zieten hiru hilabetez etxean egoteko eta bakarrik ez uzteko.
Bitarte horretan, Valentzian (Herrialde Katalanak) bi neskak umetokiko lepoko minbiziaren aurkako txertoarekin izandako arazoen berri izan zuen. «Medikuek aurkakoa esaten bazidaten ere, nik pentsatu nuen alabari gertatutakoa txertoagatik izan zitekeela. Beraz, Valentziako neskato horien amekin jarri nintzen harremanetan. Izan ere, kaltetuen elkarte bat sortu zuten». Alabak zituen sintomak neska haien berak ziren. «Haiek gomendatu zidaten alabari gernuko, odoleko eta ileko analisiak egiteko». Emaitzak «argigarriak» ziren. Neskatoak merkurio maila oso altuak zituen, eta alergia zion metal horri. Gainera, nikelez, zilarrez eta artsenikoz kutsatua zegoen. «Arazoak zituzten neska guztiek metal horien maila oso altuak zituztela frogatu ahal izan genuen».
Medikuei analisi horien emaitzak erakutsi arren, ez zioten kasurik egin. Sintomak, ordea, okerrera zihoazen. «Nekea gero eta handiagoa zen. Egun batean hogei ordu egin zituen lo. Ilea ere ikaragarri erori zitzaion».
Orain gutxi arte hamalau pilulatik gora hartu ditu eguneko. Hobeto dago, gero eta gutxiago zorabiatzen baita. «Metal astunen kopurua jaisteko tratamendu bat ari da hartzen». Baina neskatoa ez dago erabat osatua: «Beti dago kordea galduko duen beldur. Gainera, oso nekatuta jarraitzen du. Eskola utzi behar izan du horregatik». Hori guztia «oso gogorra» izaten ari da harentzat. « Konturatzen da ezin duela bizimodu normal bat egin».
Oraaren bizimodua ere guztiz aldatu da hiru urte hauetan. «Lan egiteari ere utzi behar izan diot alaba zaintzeko, eta dirutza gastatzen ari naiz egia frogatzeko. Baina badakit zaila izango dela, interes ekonomiko ugari baitute horren atzean».
Gaixoaldiekin batera gogorrena medikuen jokabidea jasatea izan dela dio. «Erotzat hartzen zaituzte. Nik uste guk gaiaren inguruan gehiago jakiteak izorratzen diela». Alabarekin medikuek izan duten jokabidea ere salatu du. «Larrialdietako mediku batek, adibidez, berataz barre egin zuen. Aulkitik jaiki, eta alde egin genuen. Askotan alde egin dugu biok kontsultatik negarrez». Oztopoak oztopo, borrokan jarraitzeko prest daude.
Frustratua eta triste
Nekane Campos santurtziarra (Bizkaia) borroka berean dabil. «Oso burugogorra naiz». Hark ere medikuen «gizatasun eskasa» kritikatu du. «Esan izan didate ea ez naizen aspertzen hainbeste aldiz hara joateaz. Medikuei ere entzun izan diegu gutaz gaizki esaka». Ondo deskribatzen du zein sentipen izaten dituzten erietxera joaten diren aldiro: «Desesperatuta sartzen gara, eta haserre irteten gara». Hala, gauza bakarra eskatu du. «Duintasunez trata gaitzatela, egoera gogorra baita».
Txertoaren lehen dosia 2008an jarri zioten alabari, eta eskuin eskuko behatz potoloko zainak gogortzen hasi zitzaizkion. «Hirugarren dosia jaso eta gero eskuko bost behatzetako zainak jarri zitzaizkion horrela». Gurutzetako erietxera egin zuten lehen bisita izan zen. «Igeltsua jarri, eta esan zidaten alabak gaixotasun degeneratibo bat zuela». Hurrengo egunean behatzak mugitzen hasi zen, eta diagnostikoz aldatu zuten. «Antsietatea zela esan zidaten, eta gure arreta pizteko egiten zuela. Psikologoarengana eramateko aholkatu zidaten». Alabaren osasun egoera okertuz zihoan, ordea: zorabioak, gorputzeko uzkurdurak, ikusmen galera, hilekoan gorabeherak, buruko min ikaragarriak, sukar altua, begietako tentsioa, azukrearen igoera eta jaitsiera handiak...
Camposek ez zuen sekula pentsatu txertoarengatik izan zitekeenik. Baina Valentziako elkarteko Alicia Capillarekin jarri zen harremanetan. «Txertoa jarri ziotela esanda soilik, sintoma guztiak zerrendatu zizkidan». Berehala egin zituen analisiak, eta ikusi zuten hark ere metal astunen maila altuak zituela.
Egun, zorabiatzen jarraitzen du. «Ni izututa egoten naiz kalera lagunekin ateratzen den aldiro. Ezin dut segundo bakar batez ere sakelakorik gabe egon. Gauez ere maiz esnatzennaiz, eroriko ote den beldur. DYAkoak eta larrialdietakoak ere familiakoak balira bezala ditugu». Alabak lehen mailako mendekotasuna du aitortua, gorputza uzkurtzen zaion aldiro mugitu gabe geratzen baita.
Neskatoa «frustratua eta triste» dago. «Oso gogorra da egoera. Behin eta berriz haserretzen da, ezin duelako bere lagunek egiten dituen gauza asko egin. Askotan esaten du gaztaroko urte onenak galtzen ari dela». Eskolara joateari ere utzi behar izan dio.
Etxean ere oso gaizki pasa dute. «Alabari hil nahi duela entzutea ikaragarri gogorra da; baita laguntza eskatzea eta ezin ematea ere. Beste bi alabek ere ikaragarri gaizki pasatu dute. Iaz, biek errepikatu behar izan zuten ikasturtea, oso urte gogorra igaro genuelako denek».
«Medikuek ez digute frogatu txertoagatik izan ez denik»
Karmentxu Oraak eta Nagore Camposek hiru urte daramatzate frogatu nahian beren alabei kalte egin ziela umetokiko lepoko minbiziaren txertoak. Kexu dira osasun profesionalen aldetik jaso duten tratuaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu