RNE Espainiako irrati kate publikoak jakinarazi duenez, Donostiako Ospitaleko medikuek gaur goizean eman diote senda-agiria Iñaki de Juana presoari, bata bestearen ondotik egindako bi gose grebek eragindako kalte handienak gainditu dituela iritzita. Horrenbestez, datozen orduetan De Juana erietxetik aterako dela espero da. Hala ere, Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak agertu du medikuen erabakiaren berririk ez duela, eta hartarako tramiterik egin ez denez gaur ez dela irtengo.
De Juana martxoaren 1etik dago Donostia Ospitalean; hau da, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak kartzelaldia arindu eta etxean betearaztea erabaki zuelako gose greba bertan behera utzi zuenetik.
ETAko kide izan eta 25 hilketarekin zerikusia izan zuelakoan 1987an jarri zioten zigorra 2004ko urrian bete zuen De Juanak. Baina ez zuten aske utzi. Aitzitik, Gara-n idatzitako bi artikuluren harira berriro auzipetu zuten, eta beste 96 urteko eskaera egin zuen fiskaltzak. Hori dela eta, gose greba hasi zuen 2006ko abuztuan, eta 63 egun egon zen elikagairik hartu gabe. Urriko lehen astean eskaera hori neurrigabea izan zitekeela esan zuen, eta De Juanak gose greba bertan behera utzi zuen.
Azkenean, 2006ko azaroan 12 urte eta 7 hilabeteko zigorra ezarri zioten bi artikulu horiengatik, eta gose greba hasi zuen berriro presoak. 2007ko otsailaren 12an hasierako zigorra 3 urtera murriztea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Ondoren, martxoaren 1ean espetxealdia arintzea eta etxean zaintzapean edukitzea erabaki zuen. Hori dela eta, egun horretan bertan utzi zuen gose greba De Juanak, hiru hilabetetik gora baraurik egon ostean.
Bi gose greba horiek osasunean kalte handiak eragin zizkiotela agertu zuten medikuek.
Presoak
Medikuek senda-agiria eman diote Iñaki de Juanari
Horren berririk ez duela dio Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzak, eta tramiteak egin ez direnez presoa ez dela gaur irtengo Donostia Ospitaletik. De Jaunaren gose greben ondorioz, kartzela zigorra arintzea eta etxean zaintzapean betearaztea erabaki zuen Espetxe Zuzendaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu