euskal herria

Medikuen elkargoak ez du salaketarik jarriko Nicolas Bonnemaison medikuaren aurka

Bart gauean egindako bileran hartu dute erabakia. Injekzio bidez Baionako erietxean pertsona oso ahulak pozoitzea leporatuta auzipetuta dago Nicolas Bonnemaison medikua. Justiziaren aldetik, ikerketak bere bidea jarraitzen du.

2011ko irailaren 2a
10:18
Entzun

Medikuen elkargoak ez du salaketarik jarriko Nicolas Bonnemaison medikuaren aurka. Bart gauean hartu dute erabakia, bozketa baten ondoren. 

Injekzio bidez Baionako erietxean pertsona oso ahulak pozoitzea leporatuta auzipetuta dagoen Nicolas Bonnemaison medikuak bere lankideen aurrean hitz egin zuen abuztuaren 30ean, Pirinio Atlantikoetako Medikuen Elkargoan. Erakunde honek zuzenean mintzatu nahi zuen sendagilearekin. "Hari erran diodan bezala, komunikabideen bidez informazio anitz daukat, ospitaleko txostena ere badaukat eta hitz egin dut baita ere epailearekin, baina hura entzuteko beharra daukat, zuzenean mintzatu behar nion", aditzera eman zuen elkargoko presidente Marc Renoux-ek. Elkargoko presidenteaz gain, erakundeko beste hiru arduradun ere izan ziren bileran.

Atzo Medikuen elkargoak ohiko biltzar nagusia egin zuen Baionan eta bertan erabaki dute salaketarik ez jartzea. Alderantzizko erabakia hartu izan balute justiziarekiko paraleloan egingo zuen bidea prozesu honek. Bi bideek ez zuten loturarik izango beren artean. Renouxek baieztatu zuenez, elkargoak ez baitu izan Bonnemaisonen aurka martxan jarritako auzi juridikoan parte zibil gisa parte hartzeko intentziorik.

Irailaren 6an, Paueko auzitegira

Justiziaren aldetik, ikerketak bere bidea segitzen du. Bonnemaison akusatzen dutelarik lau bizi eten izanaz, lau zendu horien familiak entzuten dihardute ikerketa egiten ari direnak. Paueko auzitegiak irailaren 6an aztertuko du, horrez gain, Baionako prokuradoreak egin deia. Izan ere, gaur egun Bonnemaison aske bada ere, prokuradoreak preso sartzea eskatu zuen. Paraleloki, erietxeetako administrazioa ere ari da bere ikerketa egiten, Baionako ospitalearen lan egiteko manera eta antolaketa nolakoa den aztertzen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.