EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza euskaraz ikasten duten ikasleek ikasketak euskaraz egin ahal izateko eskatuz egin duten lana saritu nahi izan du Hau Pittu Hau konpartsak. Beraien ustetan, ikasleok duten eskubidea ez ezik, herritarrek osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko dutenaren alde ere borrokatu dute. Horregatik, urteroko Euskara Saria eurei eman die gaur arratsaldean. "Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu: egunerokotasunean, ikasketetan, eta baita medikuarenean ere. Horregatik, euskarazko ikasleek bizi duten egoerak herritarrongan ere badu eragina", arrazoitu dute konpartsako ordezkariek.
Ikasleek aitortu dute ez zutela espero euren borrokak hainbesteko oihartzunik lortuko zuenik. Aurretik aldarrikapen horren alde egin dutenak izan dituzte gogoan. Eta ondoren etorriko direnak ere ez dituzte ahaztu, jakin baitakite oraindik asko dutela egiteko. "Ezin dugu euskaraz ikasi eta horren ondorioz ez da mediku euskaldunik", kexatu dira.