Medikuntzan leku gehiago jarri asmo ditu EHUk datorren urtean, eskaria asetzeko

Orain baino 600 postu gutxiago eskainiko ditu unibertsitateak irailean, zientzietan eta osasun alorrean gehitu arren

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Osasun zientzien eta ingeniaritzen aldeko apustua egin du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak datorren ikasturterako, alor horietako ikasketetan eskaintza zabalduta. Medikuntzan postugehiago eskainiko ditu: 265 guztira, aurten baino 25 gehiago. Fisioterapiako gradua ere irailean jarriko du, Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduarekin batera. Nolanahi ere, begiratu osoa eginda, aurten baino leku gutxiago izango dira irailetik aurrera: lehen mailan 9.310 postu eskainiko dituzte, aurten baino 593 gutxiago.

Bolognako prozesura egokitutako graduak aurten hasi da ematen EHU. Berritu eta moldatu egin dituzte ikasketak, eta zenbat eskaini jakiteko lehen urtea izan da aurtengoa, proba gisakoa. Datorren urterako, doitu egin dute hori, oraingo datuak aintzat hartuta. Letretako ikasketetan egokitu behar izan dute; kasurako, Gasteizen, filologietan. Ikasle asko izan ohi duten ikasketetan ere apaldu da eskaintza. Hara: Zuzenbidean, ehun postu gutxiago izango dira —400 dira orain; 300 irailean—; beste horrenbeste Enpresa Zientzietan —770 orain; 670 gero—.

Zenbakiak eskariaren eta baliabideen arabera doitzen saiatu direla adierazi du unibertsitateak. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aztertuko dituzte orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.