Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak mahai gainean jarri du Mediterranea de Catering enpresarekin duten kontratua bertan behera uzteko aukera. Enpresa horrek du Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeetako zerbitzuaren ardura, eta, urtarrilean lanean hasi zenetik, haren kontrako kexek eta salaketek ez dute etenik izan. "Neurriak hartzen ez baditu, kontratua bertan behera utziko dugu", erran du Barcinak. Onartu du enpresak ez dituela lortu espero zituzten emaitzak. Zerbitzua pribatizatzeko arrazoia "gastuak murriztea" izan dela gaineratu du.
Nafarroako Parlamentuan ere, Nafarroako Ospitaleen Guneko gaixoek jaten dutena izan dute mintzagai. Jendaurrean agertutako kezka berretsi dute bertan Nafarroako Ospitaleen Guneko dietetika eta elikadurako teknikari espezialistek. Agerraldia egin dute Osasun Batzordeko kideen aurrean, eta nabarmendu dute dieten inguruko kontrolik ez dutela. Mediterranea de Catering enpresak sukaldeetako zerbitzuaren ardura hartu zuenetik, lan egiteko modua aldatu da. Egoera horren ondorioz, dietak ezin dituztela gainbegiratu azaldu dute teknikari espezialistek. "Gaixoen elikadurak eta osasunak kezkatzen gaituzte", erran du teknikarien bozeramaile Arantza Ruiz de las Herasek. Gertatu diren hutsak agerian jarri dituzte Dietetika eta Elikadura Zerbitzuko teknikariek, eta egoerak hobera egin duela onartu arren, oraindik gauza anitz konpontzeke dagoela gaineratu dute.
Parlamentuko talde gehienek ere haien kezka agertu dute ospitaleetan sortu den egoerari buruz. PSNko Samuel Carok erran du Osasun kontseilari Marta Verak agertu beharko lukeela jendaurrean, azalpenak ematera. Egoera "oso larritzat" jo du, berriz, Bilduko Bakartxo Ruizek, eta Aralar-NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek erantsi du sortutako "alarma egoera" pribatizazioaren ondorio dela. Ezkerrako Marisa de Simonen hitzetan, gobernuak berehala eten beharko luke Mediterranea de Catering enpresarekin duen kontratua. Bertzelako iritzia agertu dute UPNk eta PPNk. UPNko Antonio Perez Pradosek azaldu du senitarteko bat laguntzen egon dela ospitalean, eta ez duela inolako arazorik ikusi menuekin. PPNko Enrique Martinek, berriz, gauzak ez direla "behar bezala" egiten ari gaineratu du, baina zehaztu du zerbitzua pribatizatzeak ez diola zertan zerbitzuaren kalitateari kalterik egin behar.