GIZARTEA

Mehatxuak jasoz gero bikote harremana "bigarren mailan" uzteko aholkatu diete andreei

Genero indarkeriari buruzko nazioarteko kongresua hasi da gaur goizean Oñatin. Han izan da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, eta sentsibilizazioa, prebentzioa, arreta eta babesa jo ditu emakumeen aurkako tratu txarren politiken oinarritzat. Gizonek genero indarkeria gainditzeko zer rol hartu behar duten ere aztertu dute saioetan.

2013ko uztailaren 10a
17:15
Entzun

Emakumeei gomendio argi bat egin diete gaur, Oñatin (Gipuzkoa) egiten ari diren genero indarkeriari buruzko nazioarteko kongresuan: "Lehenengo eta behin, beren burua babestu behar dute". Inoiz mehatxatzen badituzte segurtasunari lehentasuna emateko eta harremana "bigarren mailan" uzteko eskatu die Lilliana Ostojic Kanadako adituak.

Gizonei emozioak kontrolatzen eta ezagutzen erakusteko talde lanak egiten ditu Ostojicek. Indarkeria gauza "ohikotzat" hartzen dela ohartarazi du. Oñatiko kongresuan gaur goizean aztertu duten gaietako bat izan da, hain justu, gizonek zer rol duten genero indarkerian.

Richard Wistowk azaldu du tratu txarrak eman izan dituzten gizonak elkarrizketatzen egin duen lana. Zehaztu du klase guztietako gizonekin lan egin duela, genero indarkeria gizarte osora zabaldutako fenomenoa dela agerraraziz. Itxaropentsu agertu da, hala ere, gizon horietako askok aldatzeko gogoa adierazi diotelako.

Scott London ikerlariak ere datu baikorrak eman ditu. Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate batean bost urtean behin egiten ari diren galdeketa baten emaitzak aurkeztu ditu. Esaterako: 2004. urtean galdetutako emakumeen %17,3k onartu zuten inoiz mehatxu edo erasoren bat jasan zutela; 2009an, %9,4k onartu zuten.

Gizonezkoek, hain justu, genero indarkeriarekin "erantzukizun handia" dutela nabarmendu dute kongresuaren arratsaldeko saioetako batean. Mikel Otxotorena On:Giz taldeko kidearen hitzetan, "bada garaia gizonek rol aktibo bat hartzeko". Haren hitzetan, ez dute emakumeek bakarrik egin behar parekidetasunaren alde. Euren taldea bide horretan zer pauso ematen ari den esplikatu du.

(Irudia: kongresuaren goizeko saioetako bat)

Prostituzioa eta andreen salerosketa genero indarkeria gisa hartzeko eskatu dute

Genero indarkeriari buruz Oñatin (Gipuzkoa) egiten ari diren nazioarteko kongresuko goizeko hitzaldi sortan aztergai hartu dute, besteak beste, genero indarkeriaren barruan prostituzioak daukan esanahia. Andrea Gutierrez ikertzaileak azaldu du "genero indarkeriaren adierazle" dela prostituzioa. "Sistema patriarkalaren zimenduetan du oinarria indarkeria horrek ere".

Gutierrezek alderaketa egin du prostituzioan jarduten duten eta gizonen aldetik indarkeria pairatzen duten andreen artean, eta ondorioztatu du "antzekoa" dela batzuen eta besteen egoera: gizonek eurekin kontrolez eta agintekeriaz jokatzen dutela, defentsarako modurik eta babesik gabe daudela, jasaten dutena gutxiestera jotzen dutela maiz...

Lege aldetik babes handiagoa eskatu du Gutierrezek; areago, lege proiektu bat ere ekarri du taxututa: prostituzioarekin dirua ateratzen dutenak eta prostituten zerbitzuak hartzen dituzten gizonak zigortzearen alde egin du, eta nabarmendu du estatuak betebeharra duela emakume horien eskubideak babesteko. Eztabaida sortu da taldean: prostituzioaren legezkotasuna, Estatuak jokatu behar duen rola...

Goizeko hitzaldietan maiz atera da etorkinen gaia ere. Salaketen kopuru handia da haiena, immigranteen kopuru osoarekin alderatzen bada. Nolanahi ere, nabarmendu dute "etorkinen arazoa" soilik ez dela genero indarkeriarena.

Prostituzioari lotuta, andreen salerosketa izan dute aztergai beste saio batean. Egungo egoeran andre horiek babesik gabe daudela azaldu dute: "Sexu esplotazioa helburu duen salerosketa genero indarkeriatzat hartu behar da, eta lege askotan ez dago horrela. Lehen mailako biktimak eta bigarren mailakoak daude", ohartarazi du Mariola Serranok.

(Irudia: kongresuaren hasierako ekitaldia, Oñatin)

Genero indarkeria, ezberdintasunen "adierazpen larriena"

Kongresuari hasiera emateko, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eman du hitzaldia. Landaidak nabarmendu du genero indarkeria dela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen “adierazpen larriena”.

“Premiazko arazo bat da, eta epe laburrean zein luzean esku hartzea eskatzen du. Ez da biktimen edo haien senideen arazo bat. Gizarte osoaren arazo bat da”, zehaztu du Landaidak. Horregatik, beharrezkoa ikusten du gizarte osoaren inplikazioa eta erakundeen arteko elkarlana. 

Emakundek genero indarkeriari aurre egiteko abian dituen egitasmo eta politiken berri ere eman die Landaidak Oñatira bildutako nazioarteko adituei. Egitasmo edo politika horien ardatzak lau dira: sentsibilizazioa, prebentzioa, arreta eta babesa.

Sentsibilizazioa eta prebentzioa ezinbestekotzat jo ditu etorkizunean emakumeen aurkako indarkeriarik egon ez dadin. “Ikusgarri egin behar dugu indarkeria mota hori, jendeak gero eta garbiago izan dezan desberdintasunen ondorio dela, eta salatu egin behar dela. Hezkuntzak eta hedabideek lan handia egin dezakete horretan”.

Kasuak garaiz atzemateko beharra ere nabarmendu du Landaidak. “Lanean ari gara informazio eta arreta zerbitzuak hobetzeko eta bateratzeko. Erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa da”. Zehaztu du biktimei eta haien seme-alabei arreta eta babes “osoagoa” emateko ari dela lanean Emakunde. 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua ere izan da Oñatiko kongresuan, goizean. Esan du genero indarkeria "emakumeek mundu osoan egunero eta sistematikoki bizi duten diskriminazioaren eta desberdintasunaren adierazpide makurrena" dela.

Tratu txarren egileak berriro hezteko programan parte hartu duten gizonezkoen inguruko hainbat datu ere eman ditu Erkorekak. Esaterako, jakinarazi du aurtengo lehen bost hilabeteetan 208 gizonek hartu dutela parte programan.

(Audioa: Josu Erkorekaren adierazpenak)

Hitzaldia, aurkezpenak eta filmak

Lege Soziologia Institutuak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Manchestergo Unibertsitateko Kriminologia Zentroak elkarrekin antolatu dute genero indarkeriari buruzko nazioarteko kongresua, EHUren Udako Ikastaroen barruan.

Genero indarkeria jasaten duten emakumeek zer arrisku faktore dituzten, emakumeen trata nola gertatzen den, gizonezko erasotzaileek zer portaera dituzten... Era askotako ikuspegietatik aztertuko dute gaia, gaur hasi eta ostirala bitartean.

Hitzaldi eta aurkezpenez aparte, film bat ikusteko aukera ere izango da gaur iluntzean. Juan eta Andrea Gautierren Pornobrujas filma emango dute Oñatiko Santa Ana aretoan, 19:00etan. Egileak bertan izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.