«Omenaldiak egitea ondo dago, baina haratago joan behar da; bada garaia erreparaziorako urrats eraginkorrak egiteko». Hitz horiekin azaldu du Antxon Gomezek memoria historikoa berreskuratzeari begirako lanean beharrezko ikusten duen jauzia. Kontraesanez betetako jarrera izatea egotzi die instituzioei Lau Haizetara Gogoan taldeko kideak. Estatu terrorismoak eragindako biktimak biktima direla onartu izan dute, baina Estatu terrorismoak eragindakoak direla erabat onartu gabe eta erreparaziorako inolako neurririk hartu gabe. Hori iraultzeko unea dela ohartarazi du memoria historikoaren inguruan lanean dabiltzan 20 elkarte eta 300 aditu biltzen dituen Lau Haizetara Gogoan plataformak, eta horretarako proposamen zehatza egin die.
Bi urte eta erdiko hausnarketaren ondoren, memoria historikoa berreskuratzeko behar diren politika publikoak gauzatzeko gutxieneko baldintzak biltzen dituen txostena plazaratu du plataformak. Egia bilatu, justizia ezarri, erreparazioa gauzatu eta ez errepikatzeko bermeak jartzea du giltzarri. Atzo aurkeztu zuen txostena publikoki, eta datozen egunetan hasiko dira alderdi politikoei, sindikatuei, gizarte eragileei eta instituzioei aurkezten. Proposamenen aurrean duten jarrera azal dezatela eskatuko diete, gainera, guztiei.
Iñaki Astoreka eta Andoni Txasko Lau Haizetara Gogoan taldeko kideekin egindako agerraldian eman du ekimenaren berri Gomezek. Martxoaren 3ko biktimei elkartasuna adieraztera Irlandatik etorritako Anthony Doherty ere izan da CNTren Bilboko egoitzan egindako agerraldian. Derryko Bloody Sunday-ko biktima da Doherty, eta egia, justizia eta erreparazioaren bila jarraitzeko babesa eman die Euskal Herriko biktimei.
Elkarteen parte hartzea
Lau Haizetara Gogoan taldearen ustez, ezinbestekoa da «genozidio frankistaren eta Estatu terrorismoaren biktimek» eta memoria historikoaren alde lanean ari diren elkarteek aktiboki parte hartzea erreparaziorako edozein jardueratan. Instituzioek horien parte hartzea bermatu behar dutela adierazi du.
Memoria historikoa berreskuratzeko, «ikuspegi integral eta koherentea» behar dela ohartarazi du, horretarako oinarriak zehaztuta. Egia osoa bilatzea proposatu diete eragile eta instituzioei: euskal herritarrek jasandako errepresioaren zergatiak eta ondorioak definitzea; eskubide urraketak jaso dituzten guztiekin errolda osatzea; hilobien mapak zein gorpuzkinak azaleratzen laguntzea; eta artxibategi historikoak antolatzea.
Justizia egin dadin, 1977ko amnistia legea bertan behera utzi behar dela diote plataformako kideek, lege horrek ezinezko egiten baitu memoria historikorako edozein ikerketa egin edo neurriak ezartzea. «Amaierako puntua jartzen du lege horrek eta gure lana mugatzen du». Horrez gain, biktimei babes juridikoa bermatzea eta testigantza eta dokumentuak bilatzea proposatzen du.
Erreparazioari dagokionean, biktimekiko zorra neurtu beharra aldarrikatu du, eta «erregimen autoritarioekin lotutako sinbolo eta toponimia» guztia ezeztatzea. «Ez errepikatzeko bermeak» ezartzea ere ezinbestekotzat du. Hortaz, «herritar ororen giza eskubide, zibil eta politikoak ez direla berriz urratuko» bermatu behar dela diote.
Hori guztia errazteko, Euskal Herriko Egiaren Batzordea sortzen laguntzeko ere proposatuko diete eragile eta instituzioei.
Memoria historikoa berreskuratzeko neurriak eskatu dizkiete instituzioei
Proposamen zehatzak babesteko eskatuko die Lau Haizetara Gogoan plataformak alderdi, eragile eta instituzioei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu