1936. urtetik gaurdaino euskal gatazkaren testuinguruan izan diren eskubide urraketa guztien «kontakizuna» osatzeko dagoela uste dute Espainiako eta Frantziako estatuen indarkeriaren ondorioz hildako eta zauritutako senide eta lagunek osatutako talde batek, eta bide horretan urrats berriak egiteko asmoa agertu eta lan hori aurrera eramateko «gakoetan» sakontzera deitu dute. Bihar, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (Gipuzkoa) egingo duten ekitaldi batean azalduko dituzte oinarri horiek, eta aurrera begirako erronkak zehaztuko dituzte. Ekitaldia pertsona guztientzako irekia izango da, 17:00etan hasiko da, eta Egia bide, askatasuna amets izango du leloa.
Donostian egindako prentsaurreko batean eman dute ekitaldiaren berri, besteak beste, Kandido Saseta Eusko Gudarosteko buru zenaren ilobak, Txomin Letamendi Espainiako Polizien torturen ondorioz 1950ean hildako EAJren militantearen semeak, eta 1975ean fusilatuta hil zituzten Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideen senideek.
Egia, memoria eta askatasuna
Guztien izenean mintzatu da Izaskun Iantzi, 1993an Guardia Zibilak torturatuta hildako Gurutze Iantziren ahizpa. Hark azaldu duenez, gatazka armatu eta politikoaren konponbidea bideratzeko gakoak dira egia eta memoria kolektiboa, askatasunarekin konpromisoa eta pertsona guztien eskubide guztiak eta herritarren borondatea errespetatzeko hitza.
Egiari dagokionez, Iantzik azaldu du memoria kolektiboa osatzeko beharrezkoa dela integratzea egiari heltzeko dauden modu eta ikuspegi guztiak. Gogoratu du ekitaldiaren deitzaileek «egia osoaren» alde egiten dutela lan, inor ahaztu gabe. «Gure egiak ez dio inori bizkarrik emango, baina gatazkaren ondorioz persona ugarik izan dituzte larriki bortxatuak bere oinarrizko eskubideak, inolako onarpen eta erreparaziorik gabe gaur arte. Oker hori zuzendu beharra dago», nabarmendu du Iantzik.
Askatasunarekiko konpromisoari buruz, berriz, esan du konpromiso horren gaineko «perspektiba historikoa» ikusarazi behar dela, besteak beste, XX. mende hasieratik gaurdaino agertoki berri bat lortzeko izan diren eragozpenak aztertuz eta nabarmenduz.
Hirugarrenik, «askatasuna, egia eta memoria kolektiboa uztartu» behar direla aldarrikatu du Iantzik. «Askatsunaren erronka gorena da hori, pertsona guztien eskubide guztiak eta herritarron borondatea errespetatzeko hitza barne hartzen duelako», adierazi du.
«Memoria kolektiboaren gakoetan sakontzera» deituko dute bihar Azpeitian
Estatuen indarkeriaren hainbat biktimak ekitaldia egingo dute bihar, Izarraitz pilotalekuan, 17:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu