Memoriaren Nafarroako Institutua sortu du lauko gobernuak, Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiari atxikia. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok azaldu duenez, erakunde berria tresna berri bat izanen da "oroimen historikoa berreskuratzeko nahiz bizikidetza sustatzeko politikak garatzeko bidean".
Zehazki, memoriari lotutako politika publiko guztiak koordinatuko ditu institutuak. "Konpromiso bikoitza dugu: memoriaren aldeko konpromisoa, batetik; eta konpromisoa ere, egia, justizia eta ordaina jasotzeko eskubidea duten biktimekiko", nabarmendu du Ollok.
Bi esparru kronologikotan banatu dute Memoriaren Nafarroako Institutuaren jarduna: 1936ko kolpe militarrari eta diktadurari lotutakoak ikertuko ditu, batetik; eta bestetik, "gertuko memoriari" dagozkionak: "Hor kokatu ditugu ETAren indarkeria, eta baita motibazio politikoko indarkeria, eskuin muturreko taldeena nahiz estatuko funtzionarioena".
Orain arte eginiko lanari segida emanen dio institutuak. Legealdia hasi zenetik gaurdaino eginikoa azaldu du kontseilariak gaurko aurkezpenean. Honakoak nabarmendu ditu: Aranzadi zientzia elkartearekin sinatutako ituna (gerra garaiko 64 pertsonen gorpuzkiak aurkitu dituzte horri esker); DNA bankuaren sorrera, NUPeko ikerketa taldearekin sinatutako hitzarmena, espazio publikoaren demokratizazioa eta ikur frankisten erauztea; eta Lehen nahiz Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan sustatutako formakuntza programak.
ETAren biktimei eginiko omenaldiak ere aipatu ditu Ollok. Gogoan izan ditu, halaber, "eskuin muturreko nahiz motibazio politikoko beste indarkeria batzuen biktimak". Propio aipatu ditu Mikel Zabalza, German Rodriguez, Angel Berrueta eta Jose Luis Cano. Biktima horiei eta beste askori gertatutakoa gogoratzeko, 16/2015 foru legea onartu zuen Nafarroako Legebiltzarrak, baina Espainiak auzitara eramandako legeetako bat da, eta Auzitegi Konstituzionalean dago uneotan.
Liburutegia eta dokumentazio gunea
Etorkizuneko helburuen artean, hiru ardatz nabarmendu ditu Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zerbitzuko zuzendari nagusi Alvaro Baraibarrek: "Ondarea gordetzea, txostenak eta ikerketak bultzatzea eta oroimen historikoa jendarteratzea".
Horretarako bi zentro berri zabalduko dituzte aurki: memoriaren liburutegi espezializatua eta Memoriaren Dokumentazio Gunea.
Liburutegia "datozen egunetan" zabalduko dute. Publikoa izanen da eta Nafarroako Liburutegi Sarean integratua, eta memoria historikoaren nahiz gatazka armatuen esparruko liburuak eta ikus-entzunezko materiala bilduko ditu. Oraingoz, 500 liburuki dauzka eta denak ikusgai paratuko dituzte.
Dokumentazio guneari dagokionez, testigantzak jasotzeaz eta horiek digitalizatzeaz arduratuko da. Besteak beste, honako manteriala bilduko du: 36ko biktimen lekukotzak (Ezkabakoak); Jose Maria Jimeno Jurioren laneko oharrak; Azkoien, Sartaguda eta Andosillako lurperatzeei buruzko funts dokumentalak; eta "Punto y Hora" aldizkariaren zenbaki guztien digitalizazioa.