Hezkuntza. NUPek 25 urte

Mende laurdena ikasgelan

Nafarroako Parlamentuak 1987ko apirilean onartu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeko legea. 8.700 ikasle inguru ditu, eta martxan jarri zutenek azpimarratu dute NUP proiektu sendoa dela.

1990 Ikasgelategia da NUPeko eraikin nagusietako bat, eta Arrosadiko campusean egin zuten lehena. BERRIA / BERRIA.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Mende laurdena bete du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Krisiak baldintzatutako urteurrena da aurtengoa, baina inork ez du zalantzan jartzen zer ospatu badela. 1987. urteko apirilaren 21ean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak NUP sortzeko lege proiektua, legegintzaldiko azken osoko bileran. Gabriel Urralburu zuen presidente orduko gobernuak, eta Roman Felones zen Hezkuntza kontseilaria. 1983ko hauteskundeetan, hari egokitu zitzaion sozialisten programa idaztea, eta testu hartan helburu nagusitzat jo zuen Nafarroako unibertsitatea sortzeko urratsa egitea. «Egin beharrekoa eginda» utzi zuen kontseilari kargua, eta horrek «biziki» pozten duela erran du orain, orduko lana gogora ekarri duenean.

Lur sail huts bat zen 1987an orain NUPeko campus nagusia hartzen duen eremua. Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarrak diseinatu zuen. 8.700 ikasle inguru aritzen dira unibertsitatean gaur egun, eta, haiekin batera, 900 irakaslek baino gehiagok egiten dute lan. NUPek 70,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuen joan den abenduan 2012rako, 2010ean baino 5,3 gutxiago. Unibertsitatea martxan jartzeko, 15.000 milioi pezetakoa izan zen aurrekontua (90 milioi euro). «Hezkuntzako eskumenak hartzeko unea urtebete atzeratu genuen unibertsitatea finantzatzeko», azaldu du Felonesek.

Ikasle nafarrek NUPen aldeko hautua egin dutela azpimarratu du Hezkuntza kontseilari ohiak. Gizarteak eman diola babesa erakundeari. Proiektua, hala ere, ez zen egun batetik bertzera gauzatu. Horixe gogoratu du Felonesek. Izan ere, historiako hainbat unetan mahai gainean jarritako aldarrikapena izan da Nafarroako unibertsitatearena, nahiz eta 1987. urtera arte ez onartu hura martxan jartzeko legea.

NUP sortu baino lehen, Opus Deik hartu zuen tokia Iruñean. 1952. urtean jarri zen abian Nafarroako Unibertsitatea, ofizialki Nafarroako Unibertsitate Katolikoa dena. 1980ko hamarkadaren hasieran, unibertsitate publiko baten aldeko aldarria gorpuzten hasi zenean, agerikoa zen erakunde pribatuak zuen pisua. Hala esan du Felosenek: «Unibertsitate publikoa martxan jartzeko aukera aztertzen hasi ginenean, batzuen eta bertzeen jarrera argi gelditzen hasi zen: zentro-eskuineko alderdiek ez zuten arrazoirik sortu nahi genuen unibertsitatearen aurka egiteko, baina horrek ez du erran nahiproiektuaren alde egin edo bultzatu zutenik; argi utzi zuten unibertsitate berriak Nafarroako Unibertsitatearen osagarri behar zuela izan, ezin zuela harekin lehiatu».

Felones ez zegoen ados. Nafarroako gizartea ere bertze unibertsitate bat eskatzen ari zela argi zuen. «Garai hartako inkesten arabera, galdetutako herritarren %92k ontzat jotzen zuten unibertsitate publikoa sortzea, eta %79 prest zeuden zerga gehiago ordaintzeko unibertsitatea martxan jarri ahal izateko». Herritarrak alde, gobernuko arduradunak lanean jarri ziren.

Lan hori ez zen hutsetik hasi. Nafarroan hainbat unibertsitate eskola publiko bazen martxan NUP sortzeko aurreneko urratsak egiten hasi zirenean. Hainbat unibertsitateren menpe ziren zentro horiek. Irakasle eskola, adibidez, Zaragozako Unibertsitatearen menpe aritzen zen. Erakunde horrentzat, hain zuzen ere, berri txarra izan zen NUPen sorrera, ordura arteko bere barrutiaren egitura aldatzen hasi zelako. Hori dela eta, NUP martxan jartzeko proiektuaren aurkako txostena egin zuen.

Unibertsitatea martxan jartzeko legea onartuta, hala ere, hasitako bidea inork ezin izan zuen gelditu. Arlo akademikoan ere urratsak egiten hasteko, Hezkuntza Departamentuak batzorde kudeatzaile bat osatu zuen, eta batzorde hartako buru izendatu zuen Pedro Burillo, NUPeko lehendabiziko errektorea izanen zena. Zaragozan (Espainia) duela 66 urte jaiotako matematika irakaslea Alcala de Henaresen zegoen 1980ko hamarkadako bukaera hartan (Espainia). Erakunde hura utzi, eta «unibertsitate bat eraikitzen hasteko abenturan» murgildu zen Nafarroan.

«Eskolak hor zeuden, baina hutsetik hasi behar izan genuen irakasleak bilatzen eta departamentuak osatzen», gogoratu du Burillok. «Ez zen eginbehar erraza izan; nik lana bertzerik ezin nien eskaini irakasleei».

1988. urtean ailegatu zen Burillo Iruñera, eta 1991. urtean utzi zuen NUPeko errektore kargua. «Nafarroako Gobernuak izendatu ninduen, eta uztea erabaki nuen». 2003ko hauteskundeetan parte hartu zuen, eta bigarrenez izendatu zuten errektore. 2007ra bitarte egon zen karguan. Erretiroa hartzeko ordua ailegatu zaiola uste du orain, eta, agur errateko orduan, azken 25 urteotan NUP sendotzea lortu dutela azpimarratu du.

Euskara unibertsitatean

«NUP sortzeko legea prestatu genuenean ez genuen unibertsitate elebidun bat aurreikusi; euskararen tokia irakasleak prestatzeko ikasketetan ikusten genuen». Halaxe onartu du PSNko Roman Felonesek. Euskarak NUPen egin duen bidea, hain zuzen ere, malkartsua izan da zenbait unetan, eta hainbatetan eztabaida sutsuak piztu dituenik ezin da ukatu.

2005. urtea izan zen zalapartatsuenetako bat. 2003. urtean, Burillok Patxi Salaberri bere alboko izendatu zuen hizkuntza plangintzarako. Handik bi urtera, kargua uztea erabaki zuen. 2005eko martxoan eman zuen dimisioa Salaberrik, euskara batzordeak egindako proposamenek ez zutelako aurrera egiten. Salaberrik dimisioa eman eta gero, batzordeko gainerako kideek utzi zuten kargua.

2007. urtean Julio Lafuentek irabazi zituen errektorea aukeratzeko hauteskundeak. Irakaskuntza Errektoreordetzaren menpe Hizkuntza Plangintzarako Zuzendaritza sortu zuen, eta Pablo Sotes izendatu zuen buru. Koldo Asironek, berriz, Hizkuntza Normalizaziorako Zerbitzuko ardura hartu zuen bere gain. Lanean jarraitzen dute biek, eta argi dute euskararen alde NUPen azken bost urteotan aurreko hogei urteetan baino gehiago egin dela.

Lan isila izan da gehienetan, baina eman du fruiturik. Asironek horietako bi nabarmendu ditu: batetik, euskararen erabilera arautzen duen gidaliburua; bertzetik, NUPeko administrazioko eta zerbitzuetako langileen hizkuntza soslaia. Gida liburuari buruz, NUPeko Gizarte Kontseiluak onartu zuela azpimarratu du Asironek. «Bete beharrekoa da, ondorioz». Gida horrek zehazten du, adibidez, errotulazioak eta web orriak elebitan behar dutela; elebitan behar dutela, halaber, unibertsitatearen irudiak, agiriek eta bertzelakoek. Langileen soslaiari dagokionez, %20k dute hizkuntza eskakizuna. «Horrek ez du esan nahi egun jada langileen %20 euskalduna denik, baina konpromisoa hori da».

Arlo akademikoan ere gora egin du euskarak NUPen duen tokiak azken urteotan. 2010-2011ko ikasturtean, lehen eta bigarren zikloko 90 ikasgai eskaini zituen NUPek euskaraz, eta 111, graduetan. Haur Eskolako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak, halaber, bi eletan dira.

2007an izendatu zuten Julio Lafuente errektore aurrenekoz, baina hark kargua hartu baino lehenonartu zuen NUPek Euskararen Plan Estrategikoa. Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak onartutako lehena izan zen hori. Azken urteotan plan hori izan da indarrean. «Plan berria prestatzea da orain zeregin nagusietako bat», azaldu du Sotesek.

Azken urteotako lanak aukera eman du euskararen alde egindako urratsei egonkortasuna emateko. Horixe uste dute Sotesek eta Asironek, eta, ondorioz, zailagoa izanen dela atzera egitea. Horretan aldaketa handiak gertatu direla azpimarratu dute, unibertsitatearen hastapenetan euskararen aldeko lanak, batez ere, irakasleen eta langileen borondatearen arabera egiten zuelako aurrera. «Juan Garcia Blasco errektore izan zenean, hasierako garaian, lortu ziren gauzak; baina Antonio Perez Pradosekin dena bertan behera gelditu zen», gogoratu du Asironek.

Azken bost urteotan egin den lanak «bake soziala» eraman du NUPera, haren ustez. «Normaltasunez egiten dira orain gauzak», gaineratu du Sotesek. Horrek ez du erran nahi, hala ere, dena egina dagoenik. Lanean jarraitu behar dela argi du Asironek. «Bakoitzak bere esparruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.