Nafarroako Euskararen Legea. 25 urte

Mende laurdeneko zatiketa

25 urte beteko dira gaur Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea onartu eta lurraldea hiru eremutan banatu zuenetikEuskalgintzako eragileek «mugitzera» deitu dute gizartea, legea aldarazteko

Ofizialtasunaren alde iaz Kontseiluak Iruñean antolatutako mobilizazioa. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak 1980an, Foru Hobekuntza izanen zenaren oinarriak sinatu zituenean, 33 bozekin —garai hartako alderdi sozialistarenak barne—, euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen, eta proposamena Madrilen defendatzeko ordezkaritza izendatu. Orduko parlamentuak, ordea, ordezkaritza horretatik kanpo utzi zituen indar abertzaleak. Hamar bilera izan ziren Madrilen, baina horien akta bakarra dago. Madrildik bueltan, euskara «eremu euskaldunean» baino ez zen ofiziala. Hala jaso zuen 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzak, espainiar estatu osoan erreferendumera deitu gabeko estatutu bakarrak. Eta irizpide horretan oinarrituz egituratu zen Nafarroako Euskararen Legea, 1986ko abenduaren 15ean. Parlamentuak sei urte lehenago ebatzi zuenetik urrundu, eta hiru eremutan banatu zuen Nafarroa, eta eremu euskaldunerako bakarrik gorde hizkuntzaren ofizialtasuna. Gaur beteko dira ordutik 25 urte.

Patxi Zabaletaren arabera, Madrilen gertatu zena «tranpa» izan zen. Garai hartan Iruñeko Udaleko HBko zinegotzi zenak, gainera, argi dauka zeintzuk izan ziren horren erantzuleak: «Nafarroari tranpa edo kalte hori egin ziotenak bertakoak izan ziren, eta ez Madrilgoak. Eremuaren kontzeptua ez zuen Madrilek ezarri, hemengoek baino».Nafarroa euskarari zegokionez eremuetan banatzea izan zen, hain zuzen ere, eztabaida handiena piztu zuen erabakia.

Horren ondorioz, eta eremu euskaldunean bakarrik ez Nafarroa osorako ofizialtasuna eskatzen zutelako, legeari ezezkoa eman zioten 1986an EAko hiru parlamentariek (HBko seiek ez zuten ordurako instituzioetan parte hartzen). Kontrako argudioengatik, eremu mistorik onartzen ez zuelako, bozketan abstenitu egin zen UPN. Eremu euskalduna eta erdalduna banatzea baino ez zuen onartzen alderdi horrek.

Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariaren ustez, eskuindarrren jarrera hark erakusten ditu aurrera egiteko ziren zailtasunak: «Gauzak zer diren, eremu mistoa ezartzea lorpena zen ia».

Hala ere, batzuen eta besteen kontrako jarrerekin ere, aurrera egin zuen legeak, PSN —Gabriel Urralburu orduko Nafarroako Gobernuko presidentea— eta orduko eskuineko beste hainbat talderi esker.

Zatiketaren ondorioak

IKAko arduradun Sagrario Alemanek dioenez, euskalgintzan lanean zebilen jendeak «oso gaizki bizi» izan zuen legearen onarpena, ez zelako «ez eskubide pertsonaletan ez lurralde eskubideetan» oinarritzen. «Sentimendu bortitz bat» du gogoan Zabaletak, eremuetan banatzeko lege ereduak «ez baitzuen antzekorik ez Europan eta ez beste inon ere».Zonifikazioak, ordea, beste inon antzekorik ez izanagatik, aurrera egin zuen.

Beste erabaki batzuen artean, eremu erdaldunean euskaraz ezin ikasi ahal izatea ekarri zuen horrek, gerora horrek sortu dituen arazoekin. Iruñea eremu mistoan geratzeak ere ekarri zuen ika-mika, administrazioaren egoitza gehienak han daudelako eta ez delako bermatzen euskarazko harremanik. Zatiketa, Pello Mariñela Nafarroako Ikastolenelkarteko lehendakariaren ustez, «hizkuntzarentzako, demokraziarako eta herritarren eskubideentzako gaitza izan da».

2000. urtean, eremu banaketan beste urrats bat eman nahi eta Euskaren Foru Dekretu berria onartu zuen Miguel Sanzek gidatutako gobernuak. Besteak beste,eremu mistoan elebitasuna ezabatu eta administrazioko lanpostuetarako euskararen eskaera mugatunahi izan zituen UPNk neurri horren bitartez. Eremu mistoa eta erdaldunak bat egiteko asmoa ikusi zuten askok Sanzen jokaeran. Hau da, 1986an UPNk lortu ez zuen hura —Nafarroan bi eremu baino ez ezartzea—lortzeko ahalegina.

Neurri horrek haserrea piztu zuen jendartean. Euskalgintzan ziharduten eragile ugari biltzen zituen Oinarriak plataformak 48.000 sinaduratik gora aurkeztu zituen Nafarroako Parlamentuan, euskara lurralde osoan ofizialtzat hartuko lukeen lege berria eskatuz. 2001eko urtarrilean 27.000 pertsona inguruk parte hartu zuten plataformaren manifestazioan. Euskararen Legearen aurka inoiz izan den mobilizaziorik handiena izan zen ordukoa.

UPNren erabaki hori adibide gisa hartuta salatu du Alemanek Euskararen Legeak urtez urte izandako aplikazioa: «Murritza zena aplikazioan are murritzago ulertu duteagintean egon direnek». Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, bat dator iritzi horrekin: «Lege murritzaren irakurketa murritzago bat baliatu dute agintariek».

Ezer gutxi aldatu den legea

1986an onartu zenetik, behin baino ez da aldatu izan legea. 2010ko otsailean izan zen, eta ordura arte eremu ez euskaldunean zeuden lau udalerriri —Aranguren, Galar, Belaskoain eta Noain— eremu mistoan sartzeko aukera eskaini zien parlamentuak, PSNren, IUren eta NaBairen aldeko bozekin, eta CDNren abstentzioarekin. Azken hori gobernutik bota zuen UPNk gainera, erabakiaren kontra ez bozkatzeagatik. Aukera duten udalerrietatik Noain izan da honezkero eremu mistoan sartu ez den bakarra, UPNk gehiengo osoa baitu Iruñerriko udalerri honetan.

Hil honetan bertan Nafarroako Parlamentuak legearen aldaketa proposamen berria eztabaidatuko du. Ezkerra koalizioak aurkeztu du, eta egungo eremu ez euskaldunari eremu mistoaren ezaugarriak ematean datza. Hau da, bi eremuak bakarra bilakatzea. Koalizioko parlamentari den Txema Mauleonen ustez, egun indarrean dagoen legea «ez da inondik inora nahikoa» eta hartara dator aurkeztutako mozioa: «Urrunago joatea gustatuko litzaiguke, baina proposamen hau adostasun maila handia lortzeko modukoa dela uste dugu».

Bilduk eta NaBaik mozioaren alde bozkatuko balute ere, PSNren babesa beharrezkoa litzake aldaketak aurrera egiteko. Edonola ere, Roman Felones PSNko parlamentariak aurreratu du bere alderdia ez dela proposamenaren aldekoa, ez duelako onartzen «eremu ez euskaldunaren desagerpena». Legeak 25 urtetan izandako bilakaera «erabat positiboa» dela uste du Felonesek. «Eremu banaketa egin izan ez balitz, legerik ez» legokeela ere uste du PSNko parlamentariak, baina ez dizkie ateak ixten balizko aldaketei: «Beti ere txostenek diotenaren arabera, pixkanaka eta era mailakatuan».

Gizartea, aldaketaren motor

Parlamentuak aldaketarik onartuko ote duen jakiteko goiz den arren, orain arte egindako aldaketa txikiak«ongi etorriak dira» Paul Bilbao Kontseiluko eledunaren ustez, baina «egiturazko aldaketak» behar direla uste du. Izan ere, Euskararen legea «herritarren arteko diskriminazio eragin» duela uste du, «nafarrei eskubideak bizi diren herrien arabera aitortzen» zaizkien heinean.Iritzi bertsuak dituzte euskalgintzan diharduten eragile gehienek.Mariñelarenak, kasu,zonifikazioak eremu ez euskalduneko ikastolak «alegaltasun egoeran» utzi dituela salatzen du.

Gaurko egunean ezer gutxi ospatzeko dagoela diote euskalgintzako eragileek. Baina, era batean ala bestean, deia luzatu nahi diote Nafarroako gizarteari, legea aldarazi dezan. Alemanek, esate baterako, jendartea «lasaitu» dela uste du, baita«etsipenak» eragin diola ere. Baina itxaropentsu agertu da herritarren aukerekiko, «gizartea aldatzen dugun heinean aldatuko baita administrazioa ere».

Izan ere, Zabaletak dioen moduan, «gizarteak bultzatu du euskara aurrera Nafarroan».Bujandakere argi dauka: «Agintariak ez du legea aldatuko, guk sortu behar dugu aldaketa». Bilbaok, azkenik, «euskaraz biziko den masa sozial indartsua» aktibatu behar dela uste du, «izan bagarela erakusteko». Eta hori «harrotasunez» egitera deitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.