epaiketa

"Mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa" eman behar zaiola dio Pello Eskisabelek

Parisko Auzitegiak hamazazpi urteko espetxea jarri dio, ETAko buruzagi izatea egotzita. Manu Ugartemendiari, zortzikoa. "Elkarrizketa eta negoziazioaren lanabesak" aldarrikatu dituzte.

2011ko apirilaren 5a
16:51
Entzun

Pello Eskisabel etakide eta preso lasartearrak jarrera aldatzeko eskatu die Espainiako eta Frantziako estatuei, "errepresio bidea" uzteko eta, "mendeetako gatazkari konponbide justu eta demokratikoa" emate aldera, "elkarrizketa eta negoziazioaren lanabesak" aldarrikatu ditu. Gaur esan du hori, Manu Ugartemendia errenteriarraren eta bere epaiketako azken egunean. Parisko Auzitegian izan da epaiketa, eta gaur bertan eman dute epaia.

ETAko buruzagi izatea egotzi die biei auzitegiak. Eskisabeli hamazazpi urteko kartzela zigorra jarri dio, eta Ugartemendiari zortzikoa. Martxoaren 17an hasi zen epaiketa. "Borrokaren zio politikoak azaltzeko prest" agertu ziren orduan bi euskal herritarrak epaiketa gelan, baina zehaztu zuten ez zutela emango "inolako zehaztapenik ETAko partaide gisa egindako lanari buruz" . 2005ean atxilotu zituen Frantziako Poliziak.

Epaiketako azken egunean, Eskisabalek hartu du hitza, eta "euskal herritarren borondatea iparrorratz duen prozesu demokratikoa" aldarrikatu du. "Ba al dago zerbait demokratikoagorik herriari hitza ematea baino, askatasunez bere etorkizuna erabaki dezan? Horixe izan da betidanik ezker abertzalearen eta ETAren eskaera".

Gatazka konpontzeko bidean nazioarteko eta Euskal Herriko eragileak egiten ari diren lana goretsi egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.