Espainiako Gobernuak %15 gutxituko ditu mendekotasuna duten pertsonen senideentzako diru laguntzak. Gainera, hemendik aurrera ez die gizarte segurantza ordainduko. Orain arte ez bezala, mendekoak zaintzeagatik ordaindu beharko dute. Dituzten diru sarrerak hartuko dituzte kontuan horretarako.
Espainiako Gobernuko Osasun eta Gizarte Gaietarako ministro Ana Matok aurkeztu ditu neurriak, gaur iluntzean, autonomia erkidegoetako arloko buruekin bildu ostean. Murrizketek legearen bideragarritasuna ziurtatuko dutela adierazi du.
Espainiako Gobernuaren helburua da ezinduentzako laguntza zerbitzu profesionalek ematea. Mendekoak senideek zaintzea "salbuespena" izan behar dela uste du. Ez du egoki ikusten, gainera, zaintza hori etxean egitea. Horregatik, zaintza lanetan hasiko diren seindeei ez die gizarte segurantza ordainduko, orain arte egin izan duen bezala.
Mendekotasun maila bakoitzaren (arina, larria eta oso larria) barruan zeuden bi azpi taldeak ere kendu egin ditu, eta mendekotasun arinak dituztenentzako laguntzak ematen ez da hasiko 2015 arte —2013an hastea zehaztua zuen gobernuak—.
Mendekotasuna duten pertsonek laguntzak jasotzeko egin behar dituzten osasun azterketen irizpideak ere batu egingo ditu Madrilgo gobernuak.
Zaharren erresidentzietako lobby handiak
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak salatu du eskubideak "dinamitatu" egingo dituztela murrizketa hauek. Legeak, akatsik badu, konpondu egin behar direla zehaztu du, baina ezin dela atzera egin erantsi du.
Legeari gobernuak egin dizkion aldaketen asmoa ere zalantzan jarri du Zabaletak: "Badirudi zaharren erresidentziak kudeatzen dituzten lobby handien interesak inposatzen ari direla".
Jesus Pejenaute Nafarroako Gizarte Gaietarako kontseilariak esan du legea "eraginkortasunez" kudeatu behar dela, baina "benetako beharra" duen ezindu "bakar bat ere" ezin dela laguntzarik gabe gelditu.